Jon GARMENDIA
Udate

Partizan, herrien bihotzera bidaiatuz

Izan zen garai bat oporrak udako egunekin lotzen zirenak, agian, haur denboretako bizi manerek behartuta, lanetik deskantsu egun batzuk hartu eta familiarekin baliatzeko epealdia garai horretara mugatua zelako nagusiki, edo jendearen poltsikoetako diru soinuak ez zuelako oihartzun handirik beste urtaro edo hilabeteei behatzeko bestela. Baina garaiak bezalatsu, oporrak egiteko ohitura eta moduak ere aldatzen joan dira eta, egun, bidaiekin lotura handiagoa daukate aisialdirako egunek, oporraldiek.

Oporraldien prestakuntzan diferentzia nabarmenak ageri dira, ez baita gauza bera bidaia-agentzia baten esku uztea antolakuntza guztia, norberak Interneteko ehunka leiho zabaldu eta haietatik zerbait atzematea edo datorrena datorrela ustekabeko abenturan bidaiari bilakatzea. Hiru manera desberdin hauetako bakoitzetik badu zerbait Partizan Bidaiak agentziak, Arturo Villanueva iruindar gazteak urte honen hastapenean sortuak. Halabeharrez sorterritik kanpo bizitzera behartua izan da Arturo azken urteotan, eta geldirik egoteko gogo guti izaki, Irlandan pasa zituen urteak zerbaiterako balia zitzakeela bururatu zitzaion egun batez: «4 urte neramatzan Irlandan, Belfasten zehazki, eta bizitzea egokitu zitzaidan gizarte ttipi hartan txertatua sentitzen nintzen, bertako lagun anitz nituen, baita euskaldunak ere noski. Honela, guk hurbiletik, barnetik ezagutzeko aukera izan genuen Irlanda hura nolabait jendeari ezagutzera eman behar zitzaiola bururatu zitzaigun; hau da, hautsi behar zela Irlanda IRA, Guinnes eta errugbiarekin lotzen zuen plastikozko bertsio folkloriko harekin. Horrela, 2008an, Irlandanet sortu nuen lagun batzuekin batera, ikusi nahi zuen jende horri guztiari Irlanda matxinoa eta gaelikoa erakusteko, esperientziak partekatzeko».

Entzun bezain laster erakargarriak eta interesgarriak dirudite Arturoren hitzek, baina aipatzen dituen horiek hitz potoloak direla erran diogu, hurrengo galdera jorratu asmoz; hau da, zer nola erakusten den benetako Irlanda hori, nola partekatzen diren esperientziak, eta abar. «Begira, Euskal Herrian badakigu dezente abertzaletasunari buruz, behintzat bai sentimendu hori zer den, eta antzeko herriekiko gure sinpatia handia da, beren nortasuna babestu, aldarrikatu eta askatasun eremuak handitu nahi dituzten herri horiekiko, baina sarritan ez dakigu askorik horiei buruz. Gero badaude klixeak ere; hau da, euskaldunok kanpotik begiratuta hedatzen dugun irudia zein da? Ez da gauza bera guri buruz Espainian galdegitea edo Irlandan, hedabide handiak segitu dituztenek jada irudi bat egina daukate, behin edo bitan bisitatu gaituztenek beste bat, hedabide alternatiboak segitu edo bertako lagunak dituztenek beste zerbait erranen dute guri buruz, eta horrela luzaz ari gintezke. Guk harreman sare handi bat egina geneukan Irlandan, eta hura baliatu nahi genuen, adibidez bake prozesuaren nondik norakoak jakin nahi zituen pertsonari desira hura erraztuaz, zuzenean protagonistetako batzuekin elkarraldiak antolatuta esaterako, presoen ordezkariekin edo mugimendu errepublikanoko kideekin, eta haiei entzunaz, galderak eginaz informazio maila handitu zuten gurekin bidaiatu zutenek».

Pentsatzeko denbora hartzen du hau guztia erran eta hariari eutsi eta aitzineko galdera horien erantzuna hornitzeko asmoz. «Guk, ideia eta balio askatzaileak izanik, eraldatzaileak, alternatiboak eta aurrerakoiak, edo nahi diren adjektiboak jarrita, izaera eta bizitzeko manera bat dugu, eta halakoak diren anitz eta anitz dabiltza hor zehar... bueno, ideia horiek partekatzen ditugunontzat ikusi genuen ez zegoela eskaintzarik. Atal eta arlo desberdinetan sistemari alternatibak eraikitzen ari gatzaizkio, dela kulturan, elikaduran, hezkuntzan, kontsumoan... baina bidaiatzeko arloan edo turismoa ulertu eta egiteko orduan hutsune nabarmen bat badago. Arestian aipatutako gai horietan guztietan gure ideiekin koherente izaten saiatzen gara baina bidaiatzeko orduan zer egiten dugu? Bidaia antolatuetan edo taldekakoetan hala funtzionatzen al dugu? Guk gure ekarpen xumea egin nahi dugu arlo honetan. Bestalde, ikusi dugu jendea horren bila dabilela, badela bidaiak talde txiki batean eta bertakoen testigantzarekin aberastuta egin nahi duenik, eta izugarri eskertzen duela gainera aukera hori».

Begietara behatzen digu Arturok hizketaldi luze honen ostean, azalpenak argi gelditu ote diren zalantza balu bezala, baina hizlari aparta da, eta bestetik, badaki zertaz ari den, behintzat segurtasun hori igortzen du. Irlandanet proiektua arrakasta pilatzen joan zen, gero eta bisitari gehiagok hartzen zuen parte, eta sei urteotan izan da esperientzia errepikatu duenik ere. Horrela, bidaiatzeko eskaintza zabaltzeko desira loratu zitzaien, behintzat herrialde desberdinei behatzekoa: «Gehienbat Eskozia eta Korsika bisitatu ditugu azken urteotan. Eta izpiritu edo filosofia berari eutsi diogu bidaiatzeko orduan; bertakoekin ezagutu eta bertakoekin gozatu, hori izan da ardatza». Eta eskaintza guztiz zabaltzeko asmoarekin Partizan Bidaiak sortu zuten Irlandaneten zebiltzanek, baina horretan eragina izan zuen Arturok Ipar Euskal Herrira bizitzera joan behar izanak ere, Irlandan 9 urte eman eta gero ez baitu oraindik bere sorterrira itzultzeko aukerarik izan. Eta sortu zutenetik hilabete batzuk iragan direlarik, Partizan Bidaiak zer den eta nola funtzionatzen duen galdegiteko aukera izan dugu. «Ipar Euskal Herri honetan `partitu' hitza erabiltzen dute batzuek `joan' adierazteko, partisanoak... lotura desberdinak ditu izenak. Herritik herrira egindako bidaiak dira gureak bestalde. 2014rako Irlanda, Korsika, Eskozia, Bretainia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria eskaintzen ditugu, azken hau kanpotarrentzat, noski. Herrialde hauetara bidaiatzea aspaldiko ametsa izan dute gure bezero askok, (`bidaide' hitza `bezero' baino maiteago dutela adierazi du irriz segidan) baina hizkuntza delako, edo ezagutzarik eza, bakarrik bidaiatzeko beldurra bestela, bidaiarik egin gabe gelditu izan dira asko eta asko. Irudikatu 60 edo 70 urte inguruan dabiltzan euskaldun horiek, Irlandak beti atentzioa piztu izan dienak, baina ingelesa ez dakitelako hara abiatzeko gogoz daudenak oraino. Guk merezi duten aukera eskaini nahi diegu. Horretarako, dena antolatzen diegu kezkarik izan ez dezaten: garraioa, lo egiteko ostatuak, otorduak, egitaraua, gidaria (azalpenak, itzulpenak, egun osoko laguntza barne, eta hangoekiko lotura), gure gidaria ez da artzain moduko bat, hala ere, e? Bidaiak parte hartzaileak izaten dira. Denon artean osatzen ditugu. Horrela, egun batean taldeak egitaraua aldatu nahiko balu edo baten batek denbora librea hartu nahiko balu, ez litzateke arazorik». Irrika piztu digu, eta jakin-mina indartu nahirik adibide konkretu bat edo bidaia bat azaltzeko eskatu diogu. «Agian, dakigunera eramateko, Irlandatik hona ekarri ditugunekin egindakoa azalduko dizuet, eta gauza bera pentsa ahalko duzue alderantziz: sei egunerako etorri ziren orain hilabete batzuk South Armagh eskualdetik, errepublikanoak denak, eta adin desberdinetakoak. Horrek dakarren aberastasuna deigarria zait; hau da, bidaia osoan elkarrekin ibilita harremanak sendotu eta esperientzien trukaketa sekulakoa baita. Bidaiak talde txikietan egin nahi izaten ditugu, gehienez 8 pertsona bilduta, baina kasu honetan 17 izan ziren Euskal Herrian bisitari. Iritsi bezain laster gure herriari buruzko solasaldi bat ukan genuen. Hartarako gonbidatu genituen hainbat eragile, kultur munduko, politikari edo sindikalista. Bilbon izan zen, eta hura amaituta AEKren Kalderapeko elkartean afaria antolatu genien. Herri mugimenduko antolakunde batek kudeatzen duen lekuarekin harrituta gelditu ziren, eta oraindik gehiago janariarekin. Erlaxatzeko aukera eman zuen afari hark, entzun zutenari buruz hitz egiteko, eta gozatzeko! Hurrengo egunean euskal proiektu komunikatibo batzuk bisitatzera eraman genituen; handik Donostiara joan ginen, eta Parte Zaharrean itzuli bat egin genuen. Historiako gertakizunez beteta dauden karrika horien berri izan zuten bertakoen ahotik, eta ondoren pintxoen mundu liluragarria ikusi eta dastatzeko aukera izan zuten. Beste egun batean Durangoko herriko festetako txupinazora eraman genituen, eta plaza gainezka ikusita, hainbeste txosna, halako jai giroa herritarren artean, deigarria atzeman zuten irlandarrek. Hurrengo egunean Gernikara joan ginen bakearen museoa bisitatzera, Astran elkartu ginen gazte mugimenduarekin eta Urdaibai ikusi zuten gero. Iruñera ere eraman genituen, eta nola ez, baita Ipar Euskal Herrira ere, han euskal iheslari politikoen errealitatea ezagutu zuten, gerra zikinaren aztarnak bisitatu, Saran bazkaldu... oso hunkigarria izan zen, eta ederra da emozioak dantzan zituztela ikustea». Uda betean gaudelarik, oraindik badituzte leku batzuk betetzeko Partizanen. Irail eta azaroan, Herrialde Katalanetara eskaintzen duten bidaiak badu balio historiko baten zantzurik adibidez, gauza handiak gertatuko baitira han hilabete horietan, baina garrantzitsuena da bidaiatzeko manera horren eskaintzak ideiak freskatu eta berritzen segitzen duela aurrerantz begira. Izen emateak nahiz informazio gehiago, www.partizantravel.com-en.

Honi buruzko guztia: Udate