Haizeak daroana haizeak dakar
Bezperan enbatak aukerarik gabe utzi ostean, Urdaibaik bikain baliatu zuen atzo Orion haize eta marea aldaketak emandako bultzada.
Urdaibaik larunbatean Pasaian haize aldaketaren erruz kalte nabarmena jasan zuela esan bagenuen, juxtu kontrakoa aipatu daiteke atzo Orion gertatutakoaz. Bizkaitarrek lehen txandan egin behar izan zuten arraun, marea jaisten hasi berria zenean eta haizea oraindik lasai xamar zebilenean. Haizearen indarrak, ordea, nabarmen egin zuen gora, marea jaisten joan eta minutuak pasatu ahala, eta hirugarren txandako ontziek, ez Oriok eta ez Hondarribiak, ezin izan zuten «Bou Bizkaia» ontziaren denbora (19.37.94) hobetu.
Bezperakoa kolpe latza izan zela jakitun, denak emanda irten ziren bermeotarrak, batere erreferentziarik gabe baina barruan gordetako amorru guztia kanporatzeko prest. Lehen txanda horretan denborarik onenak lortu zituzten hiru ziabogetan, beraien artean borroka ikaragarri estua izan zuten San Pedro eta Astilleroren aurretik. Pedreñak, zorigaiztoak jota -atzo ere Jose Antonio Garcia aurrekalaria uretara erori zen lehen ziabogan eta berriz ere ontzira igotzeko gai izan arren, arraun txikirik gabe gelditu zen-, azken postuan amaitu zuen.
Urdaibairen denbora ezagututa, erreferentzia ona zuten esku artean bigarren txandako lau ontziek, baina Pasai Donibane izan zen haien denboretara hurbildu zen bakarra. Lehen ziabogan segundo bakarrera gelditu ziren eta bigarrenean bostera, baina hirugarrenetik aurrera argi ikusi zen «Erreka»-k ez zuela Bermeokoen denbora hobetuko. Hala ere, nabarmentzekoa da traineru arrosak Portugaleteri (11 segundora) eta Zierbenari (17ra) sartutako aldea. Cabok, aldiz, azken luze aparta egin zuen eta apenas galdu zituen bost segundo pasaitarrekiko.
Horrenbestez, azken txandako «oilarrek» Urdaibairen denbora hobetzen zuten ala ez ikustea baino ez zen gelditzen, eta lehen ziabogarako argi sumatu zen ez zutela lan erraza izango inondik ere: txandako markarik onena Oriorena izan zen (4.43), bermeotarrengandik lau segundora. Aldeak zertxobait gora egin zuen bigarren (bostera) eta hirugarren (seira) ziabogetan.
Hala ere, eta denbora horien berri izandakoan, ederki estutu zuten motorra Oriok eta Hondarribiak. Etxekoak, zaleen animoek ederki bultzatuta, sekulako azken txanpa jo zuten, eta Urdaibairen denbora hobetzeko zorian egon ziren: sei segundoko aldea zena bakarrera ere ez zen heldu azkenean. «Ama Guadalupekoa», azken maniobran hamar segundora egotetik lautik behera galtzera pasa zen.
Argi dago azken luze horretan korrontearen indarra lagun izango zutela bi gipuzkoarrek, baina atzo Orioko ibaian korronteak eta haizeak baldintzatutako ekuazio konplexu horretan, badirudi lehen txandako ontziak irabazten atera zirela. Horrela pentsarazten du San Pedrok bosgarren eta Astillerok zazpigarren amaitu izanak -«Libia»-k kantabriarrak harrapatu ditu sailkapen nagusian-, edota Kaiku eta Tiran bezalako bi traineru indartsu azken lau sailkatuen artean egoteak.
Orion lortutakoa bermeotarren Ligako bigarren garaipena da, eta aurreko asteazkenean Lekeition irabazitako Bizkaiko Txapelketa ere gehitu behar zaie bi horiei. Denboraldi bikaina ari da osatzen, beraz, Jon Salsamendik prestatutako kuadrilla. Beste datu bat: -95 puntuko zigorragatik izan ez balitz, hirugarren egongo ziratekeen Ligako sailkapen nagusian 70 punturekin, tituluaren lehia horretan bete-betean sartuta.
Atzo arraunean egin zuen kuadrilla hauxe izan zen: Jon Elortegi, Miguel Angel Ruiz, David Iglesias, Javier Polo, Oscar Viudez, Jon Unanue, Alain Colunga, Carlos Mañas, Iker Zabala, Eneko Van Horenbeke, David Alfaya, Fernando Rua eta Mikel Ojeda, Gorka Aranberri patroi zutela -aldaketa nabarmenena Xabier Zulaika aurrekalari beteranoa kanpoan geratu izana-.
KONPARAKETA. Larunbatean estropada eremu berdinean Zumaiak 19.54.08ko denbora egin zuen -atzo seigarren denbora suposatuko luke- eta Getariak 19.55.92koa -atzo zortzigarren amaitzeko modukoa-. Kontuan izan beharreko datua iraileko igoera kanporaketarako.
GALIZIAKO LIGA. A mailako estropadan Meira izan zen garaile eta jada lau puntuko aldea kentzen dio Amegroveri. B mailakoan, garaipena Coruxok erdietsi zuen, eta puntu bakarrera hurbildu zaio Mecosi.