Oihane LARRETXEA

Bertatik ezagutu dute Onkologikoa alderdiek, urtebete zain egon ostean

EH Bilduk hala eskatuta, Gasteizko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordeak duela urtebete erregistratu zuen Onkologikoa ezagutzeko eskaera. Bisita atzo egin zuten eta hiru orduz izan ziren bertan. Ondoko bileran zentroaren egoera eta zifrak jakinarazi zizkieten zuzendaritzaren ahotik, baina ez zieten langileekin egoteko aukera eman informazioa alderatu ahal izateko. Sarrerak eta gastuak bateratzeaz gainera, fakturazioa %7 igo dela baieztatu zieten.

Gasteizko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordeak duela urtebete erregistratu zuen, EH Bilduk eskatuta, Donostiako Onkologikora bisita egiteko eskakizuna. Garai gatazkatsua bizi zuten zentroan orduan -baita gaur egun ere-, zuzendaritzara enpresa pribatuan sustraitutako lantalde madrildar bat jarri berritan, langileek murrizketak eta kaleratzeak salatu zituzten eta pribatizazioaren beldurra ere azaldu zuten.

Bada, eskakizuna egin zenetik hamabi hilabete igaro ondoren, alderdietako ordezkariek atzo ezagutu zituzten minbiziaren diagnosi eta tratamendurako zentroaren egoera eta zifrak... zuzendaritzaren ahotik, izan ere ordezkariei ez zieten langileekin hitz egiteko aukera luzatu jasotako informazioa alderatu ahal izateko.

Almudena Moreno Onkologikoko ordezkari orokorrak eman zizkien azalpenak. Lehenago bera arduratu zen, Ander Urrutikoetxea zuzendari zientifikoarekin batera, Josune Gorospe (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Blanca Roncal (PSE), Carmelo Barrio (PP) eta Gorka Maneiro (UPyD) harreran jasotzeaz. Bertan zegoen baita ere Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte Ekintzaren presidentea ere, Onkologikoa Gizarte Ekintzaren proiektuetako bat baita.

Bisita arratsaldeko 15.00etan hasi, eta 18.00ak arte iraun zuen, GARAk jakin zuenez. Hiru ordu horietan instalazioak ezagutzeaz gainera, Morenoren azalpenak entzun zituzten.

Zuzendaritzaren arabera, Onkologikoaren egoera zuzentzea eta hobetzea lortu dute, besteak beste, Moreno bera buru den kudeaketa talde berriaren osaketagatik.

Ordezkari orokorrak goraipatu egin zuen, halaber, zentroko eguneroko jarduerak gora egin duela iragan abenduan datozen bost urteetarako Osakidetzarekin berritu zen hitzarmenari esker. Ondorioz, Osakidetzatik hara bideratzen dituzten pazienteen gorakada izan dutela baieztatu zuen, sarrerak eta gastuak bateratuz. Hein horretan, fakturazioa %7 igo dela erantsi zuen Morenok, eta zuzendaritzak kanpo zerbitzuen kontratuak berrikusi egin dituela.

Murrizketak baino, nahiago izan zuen «berregituraketa» hitza erabili berritu ez diren kontratuei buruz hitz egiteko, kaleratuak izan diren langileez mintzatzeko eta betetzen ez diren ordezkapenak aipatzeko. Bere hitzetan, plantilla egokitu egin da zentro berriaren dimentsioetara.

BioDonostiarekin elkarlanean

Azalpenen amaieran eskaera egin zien Almudena Morenok gela hartan zeuden alderdi politikoetako ordezkariei: ikerkuntza onkologikoan inbertitzea, alegia, erakunde publikoetatik hau babestea, horixe baita Onkologikoaren erronketako bat, ikerkuntza aplikatua deitzen duten bidea indartzea.

Morenok berak baieztatu zuenez, BioDonostia zentroarekin dagoeneko elkarlanean ari dira entsegu klinikoak aurrera eramateko.

Conocer la situación del centro, un deber de las instituciones

«Es lógico que los parlamentarios conozcamos de cerca su situación, ya que el 85% de su financiación proviene de las arcas públicas. La Administración tiene la obligación de conocer y controlar su actividad, más si cabe en la situación que está atravesando», dijo en su día la parlamentaria de EH Bildu Rebeka Ubera, para explicar el motivo de la visita.

Desde la coalición, que tuvo el apoyo del PSE en el Parlamento para pedir a Lakua que integre Onkologikoa en Osakidetza, sostienen que seguirán trabajando para garantizar el futuro de este centro. O.L.