Joseba SALBADOR

Gipuzkoako EHNE utzi dutenek Euskal Herri osoa izango dute euren lan esparru

Gipuzkoako EHNE utzi eta bide berri bati ekiteko erabakia hartu duten baserritarrek euren esparrua Euskal Herri osoa izango dela iragarri zuten atzo, herrialde mailako antolaketa eredua «zaharkituta» geratu delako eta nekazari sindikalgintza berri baten gaineko eztabaida irekitzeko.

Gipuzkoako EHNEko egungo zuzendaritzak biharko deitu duen Kongresuan parte hartu ez eta sindikatua uztea erabaki duten baserritarrek prentsaurrekoa eman zuten atzo euren erabakiaren arrazoiak azaltzeko. Bozeramaileen artean zeuden, besteak beste, Marije Intxausti presidente ohia, Enrike Gisasola zuzendaritzako kide ohia, Joxe Inazio Azpillaga, Juan Geresta eta Jon Murgiondo.

Intxaustik irakurritako oharrean salatzen dutenez, biharko batzarraren helburua «eztabaida saihestea» besterik ez da; izan ere, «hiru urtetan gainditzeko gai izan ez garen eztabaida ezin da ordubeteko batzar batean gainditu, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Are gehiago -jarraitu zuen- eztabaidarako aukera oro baztertzeko helburuz antolatutako batzarra da, zuzendaritza honek aspaldi galduta daukan legitimitatea berreskuratzeko ahalegin ustela».

Gisasolak zehaztu zuenez, zuzendaritzako kideen artean zazpi dimisioak gertatu zirenean ezohiko kongresua eskatu zuten baina ez zieten utzi beraien txostena aurkezten. Bi ildoen artean txosten bakarra aurkezteko saiakerak ere egin zituzten, Gisasolaren esanetan, «baina atea itxi ziguten muturraren aurrean». Horregatik, sindikatua utzi eta bide berri bati ekiteko beste aukerarik ez dutela izan nabarmendu zuen.

Intxaustiren esanetan, «antolaketa berriak behar ditugu», herrialde mailako antolaketa eredua «zaharkituta» geratu delako eta, gainera, «arazo iturri nekagarria ere badelako». Horregatik, euren esparrua Euskal Herri osoa izango dela nabarmendu zuen, lehenik eta behin Hegoaldean egituratuz. Horrekin batera, Euskal Herrian irekitzen ari den aukera politiko berriaren aurrean,«nekazariek ere prest» egon behar dutela gaineratu zuen. «Herri bezala funtzionatzen hasteko garaian gaude», esan zuen.

Talde honek bere jardunaren ildo nagusiak ere azaldu zituen: «Elikadura burujabetzaren defentsan arituko da, nekazaritza iraunkorraren alde borrokatuko da, elikadura osasuntsu baten alde, herritarrekin elkarlanean nekazarien bizi eta lan baldintzak hobetzeko». Antolaketa ereduari dagokionez, talde parte hartzailea eta demokratikoa izango dela nabarmendu zuten.

Gisasolak salatu zuen EHNEren zuzendaritza «amuak» erabiltzen ari dela baserritarrak biharko kongresura erakartzeko, hala nola «ekologistak datozela sindikatua bereganatzera». Bere esanetan, ordea, «eztabaida ez da hori, gure artean gehiengoak ere nekazaritza konbentzionala egiten duelako. Arazoa da jauntxo batzuek bahitu egin dutela sindikatua beren interesak babesteko», amaitu zuen.