Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Ipar eta Hego Euskal Herria batzen dituzten udalekuak antolatu dituzte Maulen

Azken urteetan Iparraldeak sekulako bilakaera izan du, baina, bestalde, Hegoaldearekin duen harremana apaldu egin da. Egoera hori aldatzen laguntzeko, «Elkarrekilan Zuberoan» egitasmoa jarri dute martxan.

Bihartik aurrera ehun haur inguru Maulen izango dira «Elkarrekilan Zuberoan» udalekuetan primeran pasatzen. Lehen aldiz Euskal Herriko zazpi herrialdeetako umeak elkartuko dira; modu xumean hasiko dira, baina datorren urtean ekimen hau indartu nahi dute, atzo Donostian azaldutakoaren arabera.

Ikastolen Elkartearen eta Seaskak kudeatzen duen Uda Leku elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da proposamen hau. Izan ere, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu bezala, «azken urteotan izugarrizko bilakaera izan du Ipar Euskal Herriak. Baina, era berean, salbuespen batzuk kenduta, esan liteke Bidasoa ibaia zabaldu egin dela, edo dagoeneko ez dugula zubi hori lehen adina gurutzatzen». Honen hitzetan, Herri Urratseko azken edizioetan ere inoiz baino jende gutxiago joan da Hegoaldetik eta herrialdeak sakabanatzen ari direlako sentsazioa dute. Hori ekiditeko eta zazpi herrialdeen kohesioa indartzeko proposatu dituzte udaleku bateratu hauek. Maulen izango dira, baina Euskal Herri osoko haurrak izango direnez bata bestearen euskalki, ohitura eta jolasen berri izan ahalko dute.

Aurten Agerria etxean izango dira gaztetxoak, baina datorren urtera begira beste eraikin bat gehiago prestatzeko aukera eskaini zuen Michel Etxebeste Mauleko auzapezak. «Gure kezka Xiberoa baztertua izatea zen, baina ikusi dugu ez dela hala izango. Kezka hori alde batera utzita, Xiberoa txikia izanik badauka bere lekua Euskal Herrian», esan zuen alkateak.

Haurrek udalekuetan egingo dutena azaltzeko, Nagore Amondarain Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeko arduradunak eta Anaiz Olzomendi Uda Leku elkarteko kideak hartu zuten hitza. Azken honek hartu zuen hitza. Zuberoako alderdi desberdinak ezagutuko dituzte haurrek. Mauleko gaztelura txangoa egitean herrialdearen historia ezagutuko dute; ekonomia aztertzeko espartingintzaren industria bertatik bertara ikusiko dute; naturari dagokionez Basabürüko gainetara, Arbailako basoetara eta Kakuetako eta Holtzarteko arroiletara joango dira; kultura eta aisialdiaz bustitzeko, Euskal Herria Zuzenean jaialdia, maskaradak, trinketak eta kantuak landuko dituzte; «Ni, Petti Buhamea» pastorala ikustera gerturatuko dira Garindainera; eta igerilekuetan ibiliko dira euren kabuz lagunak egiteko.

Egonaldi gehiago

Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruak eskerrak eman zizkien ekimen hau prestatzen lagundu dutenei, euren helburuekin bat egiten duelako, alegia, «oraindik ere elkarrengandik urruntzen gaituzten muga fisiko eta psikologikoak belaunaldi berrien bidez gainditzen» laguntzea. Udalbiltza «Euskal Pirinioetan lan eta bizi» programa gauzatzen ari da Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoan eta honek diru laguntzak eta maileguak eman dizkie Zuberoako zenbait enpresa eta erakunderi.

Honi esker, «Elkarrekilan Zuberoan» ekimenarekin gertatu bezala, Maulen edozein motatako jarduerak antolatzera animatu nahi dituzte erakundeak. Hala, haurrak ez ezik, helduek ere egonaldiak egin ahal izango dituzte. Gisa horretan, Euskal Herriko lurraldeen arteko harremana bultzatzeaz gain, Zuberoa bera ere sustatuko dute.