Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Mailukada hatzean

Aspaldiko esaera da (eta, esanaren esanez, jakina izan behar luke Netanyahu bezalako hezikaitzentzat ere) mailua beste lanabesik ez duenak arazo guztiak iltzeak bailiran «konpontzeko» joera izaten duela. Eta, noski, denak ezin dira iltzeak bezala matxukatu. Edo, beste era batera esanda, (h)iltzeak ez du zernahi konpontzen. 15 egunen buruan 500 palestinar baino gehiago, gehienak zibil hutsak, hil ondoren bere helburu estrategikoak lortzetik hasieran bezain urruti -edo urrutiago- dagoenak inork baino hobeto jakin behar luke hori. Joseph Nyek goresten duen «botere bigun» horretan ez sinestea gauza bat da, eta zeure aliatu estuenak ere nazkatzen ari zarela ez konturatzea, beste bat. Kerry horren adibide patetikoa baino ez litzateke.

Mailukadaka aritzeak, gainera, badu beste arrisku bat: hatzari ematea nahiko erraza dela, edonork dakienez. Eta, ziur asko, ez gara Ain Jaluteko batailaren errepikapenaren aurrean egongo, baina niretzat behintzat nahiko argi dago Israelek bere atzaparrari eman diola mailukada politiko-estrategikoa (bestea bistan da nortzuek nozitu duten) Gazan: mundu osoa konturatu da erasorako aitzakia asmakizun hutsa zela (gertatu al zen zerbait Hebronen?); sentiberatasun apurra duen edonoren barrena zurbildu dute sarraskiaren irudiek; aspaldian Israeli nazioartean esan ez zaizkionak adierazi dizkiote BRICSeko kideek (beste edozeini itzulingururik gabe esaten zaizkionak, alegia); bere burua lotsagarri uztea baino asko gehiago ez du lortu Egiptoko kolpisten kolaborazionismoak...

Baina ez da hori okerrena Netanyahurentzat. Bere indar militar handiaren mugak haztatu ditu Israelek Gazan ere. Berriro. 2006ko udan Libanon bezala. Milioika mundutarren nazka eta amorrua edota bere aliatuen asperdura baino asaldagarriagoa izan behar du Israeleko agintarientzat gudu-lekuan ikusten ari direnak. Hainbesteko triskantza egin ondoren, Gazatik jaurtikitako nolazpaiteko misil horiek edonon, orain arte pentsaezinak ziruditen lekuetan, erortzen jarraitzen dutela. Eta Gazara bidali dituen eliteko hainbat soldaduk Josafaterako bidea hartu dutela. Ospe gaiztoko Golani brigadako nagusietako batzuk, tartean. Eta ez dute horretarako ohiturarik. Gerra konbentzionalean duten nagusitasun ikaragarria gerra asimetrikoan ezerezean geratzen dela onartzea kostatzen ari zaie. Baina mailukadaka segitzen badute, hori izango da etorkizuna.