GARA BAIONA
Udate

Peio Ospital Lapurdi kristau irratitik kanporatu du Baionako apezpikuak

Peio Ospital, Peio eta Pantxoa bikotean aritzeagatik ezagun den euskal kantaria, Lapurdi Irratitik kanporatzea erabaki berri du Marc Aillet Baionako apezpikuak, atzo Kazeta.eus atariak jakinarazi zuenez.

Urte luzez irrati giristinoko esatari gisa aritu da ezpeletarra eta, atariaren arabera, apezpikuak pertsona bat bidali zuen pasa den asteazkenean Ospitalen etxera irratiko lokalaren sarbide gakoen eske eta «Lapurdi Irratian ez zara ongi etorria» esanez.

Horren aurrean, Elizbarrutiko informazio eta komunikazio arduradun den Olivier Draperengana jo zuen eta, Ospitalek berak gutun baten bidez bere lagun eta hurbilekoei adierazi dienez, Drape jaunak jakinarazi nahi izan dio deabruan sinisten duela, eta, gutunean zehaztu duenez, «azken hori ikusten duela ni bezalako pertsonen ekintzen bitartez».

Gutunean esatariak gaineratu du irratiaren lokaletara hilabetean zenbait aldiz joaten dela eta «harritu» egiten dela mezulari baten bitartez neurri honen berri eman izana. Irratiko administrazio kontseiluko kidea da Ospital eta, alde horretatik, organo hori kanporatzearen aferaz arduratzea eta bere kanporatzera eraman duten arrangurak zehaztea espero duela zehaztu du. Informazio gehiago jasotzeko zain geratu dela nabarmendu du.

Gizartearen sostengua

Gutunak Ipar Euskal Herriko giristino, laiko eta euskal kulturako jendearen artean oihartzun handia izan du, eta jada Peio Ospitali sostengua erakutsiz 70 bat pertsonak telefonoz deitu edo mezu elektronikoa igorri diote. Jende horrek orokorrean bere haserrea erakutsi duela esan du kantariak, eta berak ere hori sentitzen duela gaineratu du France Bleu irratian egindako adierazpenetan.

Honi buruzko guztia: Udate