Maider EIZMENDI
UDATE BETE

Begetala oilasko bularkiarekin (Aratz)


Donostiako Igara auzoan dagoen jatetxean jateko aukera izan dutenek, sukaldaritza tradizionalean eta erretegi gisa eskuratu duen fama egiaztatzeko modua izango zuten. Uda garai honetan, ordea, asko dira atarian duten terrazan eseri eta eskaintzen dituzten ogitartekoak jatera hurbiltzen direnak. Zerrenda luzea dute, baina Xabier Zabaleta arduradunak aditzera eman duenez, begetal eta oilasko bularkiarekin egiten duten ogitartekoa da sasoi honetan gehien eskatzen denetakoa, «freskoa» delako. Bestelako aukerak ere badituzte; begetala tortillarekin edota gazta eta urdaiazpiko egosiarekin lagunduta eskatzeko aukera ere bada, izan ere. Zentzu horretan, azaldu du aukera zabala bada ere jendeak nahierara antolatu nahi izaten dituela ogitartekoak eta bestelako osagarriak eskatzen dituela.

Bitxikeria gisa aipatu du badirela kartan bezeroen izenak daramatzaten ogitartekoak ere, «Telle», esate baterako. Hark beti eskatzen zuen bere erara osatutako hau: solomo, gazta, urdaiazpiko egosi eta mahonesaz egindakoa.