Iosu ITURRIOZ DONOSTIA
UDATE BETE

«Elkarlana» oinarri, Donostiako Piraten aurtengo egitarauan

Iaz Donostiako Piratek Aste Nagusi asko barneratuko zituen Aste Nagusi bat lortu nahi zutela ohartarazi zuten; egitarau bakarraren ordez «hamaika egitarauz osaturiko jaia», alegia. Kofradien laguntza bitarteko izanda, euren nahiak «errealitate bihurtu» direla jakinarazi zuten atzo, Aste Nagusirako Egitaraua aurkezteko egin zuten agerraldian.

Mireia Mochalesek eta Batiste Ezeizak eledun lanak egin zituzten aurkezpenean, aurten inoiz baino kofradia gehiagoren laguntza izan dutela nabarmendu zuten; izan ere, bederatzi kofradia - Aingura, Antiguako kofradia, Eskifaia, Kalepoza, Pirata Bihurria, Sardiñerak, Traganarrua, Ubarroia eta Xibero- elkartu dira azken urtean.

Auzolanean sortutako programaren barnean makina bat ekintza barneratu dituzte; abuztuaren 9an Donostiako Piraten Aste Nagusiari hasiera emango dion txupinazoa, abuztuaren 11n jada tradizio eta tiradizo handiko ekimen bilakatu den Abordatze Eguna eta abuztuaren 17an, berriz, jai asteari amaiera emango dion Irrikitaldia izango dira ekitaldi deigarrienak, aditzera eman zutenez.

Egitarau orokorraren eta kofradia bakoitzaren programaren berri eman ostean, Donostiako Piratak elkarteko kideak aurtengo leloa aurkeztu zuten. «Kofradien sorrera eta kofradien parte-hartze gero eta handi eta zabalagoa» hartu dute aintzat aurten Piratek Donostiako Aste Nagusiko leloa sortzeko: «Itsaso berean elkarrekin arraun».

Batzordeko kideek aditzera eman zutenez, kofradia guztiak «elkarlanean eta norabide berean» aritu dira, eta guztiak «balio jakin batzuen alde» lanean dihardutenez hautatu dute lelo hori.

Punta puntako kontzertuez -Berri Txarrak, Doctor Deseo, Gatibu...- osatutako Donostiako Piraten Aste Nagusiko egitaraua La Flamenka, Nautikoko Terraza eta Trinitate Plaza guneetan gauzatuko da.