Juglarea
UDATE | Baionako Bestak

Nirea ez da, ez, lan makala

Urtebeteko erretiroaren ostean, Leon erregea bestetako egoitzan, hots, herriko etxean da jada bost eguneko bestetarako. Gure errege hau lotia dugu oso eta esna mantentzea ez da, ez, lan makala izaten niretzat. Bai, ondo irakurri duzue, LANA!

Askok pentsatuko du juglare izatea ez dela ofizio bat. Zein oker dauden! Dantzan, kantan, malabarismotan iaioa eta hitz jario ederra izateaz gain, kitzikatzaile neurtua, entzule fina eta, askotan, aholkulari trebea ere izan behar dugu. Egun txarra edo tripako minez izaki ere, umoretsu agertu behar beti. Eta hori guztia soldata ziztrin baten truke. Batzuetan txaloak ere izaten ditugu osagarri. Oraindik unibertsitateko karrera ez bada ere, curriculuma betetzeko eta gomendatua izateko zailtasun handiak ditugu.

Espainiako errege berriak agian deialdi bat egingo duela entzun dut. Baldintzen arabera, pentsatuko dut neure burua aurkeztu ala ez. Izan ere, gure Leon erregearen juglarea izatea aspergarri samarra da. Egia esan, ez du lan handirik eskatzen. Akaso, ipuinak kontatzeko abilezia izatea. Hobeto esanda, kontakizunak hasten jakitea aski da, berehala bere afizio nagusiari ekiten baitio: lo egiteari, alegia.

Beraz, urte osoko egun lanpetuenak bestetako bost egunok izaten ditut. Beharrik Baionako festetara datozen haurrak laguntzaile apartak izaten ditudan. Gorte guztia egunero kalejiran joango gara udaletxera gaitero, txaranga eta baionar txikiekin. Balkoi azpian jarri eta eguerdiko hamabietan ttanko, bere gustuko kanta abestuko diogu iratzar dadin.

Milaka ahoen harrabotsek animatuta, han agertuko zaigu begietako makarrak kenduz, eta haurrek txundituta geratuko dira beste behin. Funtzioa bukatuta, hor aritu beharko dut gauera arte itxuroso ager dadin esna mantentzeko ahaleginak eta bi egiten. Ez, Leon erregearen juglarea izatea ez da lan makala. Felipe VI.arena izatea errazagoa izango ote?