GARA GAZA
SHIFA ERIETXETIK

Jaio gabeko semea galdu nahi ez duen Gazako medikua

Adel Ghouti Gazako Shifa erietxeko medikuak bederatzi urte egin ditu ume bat izatearekin ametsetan, baina orain, emaztea haurdun dagoela, ez daki zer egin hemendik bi hilabetera jaioko den semea eta ama babesteko.

«Nik babestu nahi ditut, baina ez dakit nola. Ez dakit emaztea ondo aurkituko dudan etxera itzultzen naizenean», esan du sendagileak Gaza hiriko erietxerik handienean.

Irrifartsu, alaba nahiago zuela onartzen du, baina hemendik bi hilabetera semea jaioko zaio. Azken asteotan, bere kezka nagusia emazteak baldintza seguruetan erditu ahal izatea izan da. Baina Gazako egoera negargarriaren eraginez, beste ideia bat dabilki bueltaka buruan: une honetan Palestinatik ihes egitea aukerarik onena ez ote den pentsatzen hasia da. Kanadan dituen senideengana joatea aztertzen ari da.

«Zure herriaren alde ahal duzun guztia egin behar duzu, baina batzuetan atseden hartu beharra dago. Nik uste dut hori ez dela inoiz aldatuko, baina nik ez dut semea baldintza hauetan hezi nahi», azaldu du Ghoutik.

800dik gora hildako eta 5.000tik gora zauritu eragin dituzte tropa okupatzaileek Gazan azken asteotan. Shifa erietxera etengabe iristen dira anbulantziak eta auto pribatuak. Kanpoan, oso urduri dauden poliziak erabat etsitako senideei eta lagunei eusten saiatzen dira. Kazetariei eta argazkilariei barrikada baten atzean babesteko eskatzen diete.

Barruan lanean ari direnek ez dute atsedena hartzerik, leher eginda egonda ere. Mohamed Abu Haibar 24 urteko medikua graduatu berria da. Egoera oso berria da berarentzat. Eta beldurgarria. Gazak hiru erasoaldi erraldoi jasan behar izan ditu azken sei urteotan, baina berarentzat lehen esperientzia da. «Emozionalki oso gogorra da herritar asko negarrez baitauzkazu ondoan, zauritutakoak bazter guztietan, erabat hautsitako familiak...». Erietxeko solairu guztietan tragediaren baten berri ematen dizute. Shahed 10 urteko umeari metalezko pieza bat sartu zitzaion burura belarritik barrena. Amak ez daki zer egin. Beldurra da nagusi.