Markel IRIZAR
Trek taldeko txirrindularia
TOUR 2014

Bikoteak

Kitto, bukatu da. Gurutzatu dugu Champs-Elysees etorbideko azken helmuga. 2014ko Tourrak, Vicenzo Nibali dauka irabazle justutzat, nagusitasun handiz. Bere alboan Peraud eta Pinot frantsesak. Aspaldi ez ziren horren ongi aritzen frantsesak, eta bai antolakuntza bai zaleak pozik dira hemen. Baina pozik diren beste batzuk, gelakide izan garen Xube eta ni neu gara.

Izaeraz kontrakoak gara, berbatia bata, isila bestea. Kontatzekoa bata, gordetzekoa bestea. Lasaia bata, urduria bestea. Gauzak ongi pentsatzekoa bata, inpultsiboa bestea. Bikote onenetan bezala, sarri begirada batekin hitzekin baino gehiago esan diezaiokegu elkarri. Isilik batzuetan, berbetan bestetan, urteak badira elkarrekin entrenatu eta gelakide garela. Bai guk bai gure familiek bakarrik dakite zenbat sakrifizio egin ditugun hona iristeko. Denbora da Tourra prestatzen hasi ginela, etxekoetatik urrun, Pirinioetan biok bakarrik entrenatzen.

Eta iaz biok urte erdipurdikoa eta Tour triste eta zaila izan genuen bezala, aurtengoa oso bestelakoa izan da. Familia eta bikote onenetan ere, gorabeherak, momentu alaiak eta tristeak egoten dira. Bada gaurkoan [atzo], gure familiak lagun ditugula, oso pozik gaude biok Parisen; Xube bere ibilbidean bosgarren aldiz sartu izanagatik Tourreko aurreneko hamarretan, eta, ni neu, nire mugen jakitun, gelakideak sailkapeneko zortzigarren postua eskuratzeko nire aletxoa jarri izanagatik lasterketa guztian zehar. Horrela ba, Josune, Ane, Jule eta Alaitz lagun ditugularik, hilabete luzeetako lana ondo bukatu izanaren satisfazio puntu horrekin, Sena ibaian gora eta behera ibiltzen diren itsasontzi horietako batean taldeak antolatu digun afarira goaz orain guztiok elkarrekin.

Besterik gabe, eskerrak beste behin lagun izan zaituztegun irakurle guztioi, baita GARAri ere zaleetatik gertu egoteko aukera emateagatik. Horrela ba, bikotetxoa, maitasunaren hiri honetan ordu batzuk gozatzera doa. Ondo izan eta hurren arte.