Anartz BILBAO DONOSTIA
UDATE | JAZZALDIA

Dee Dee Bridgewater: «Ahotsa zaintzeko? Te beroa eta jengibre freskoa besterik ez»

Jazzaldiak diva bat jaso zuen atzo Trinitate plazan, Dee Dee Bridgewater. Cecil Bridgewater tronpeta jolearen emazte eta China Mosesen amak ibilbide oparoa egin du 1971n Thad Jones & Mel Lewis big band ezagunean sartu zenetik hona, Max Roach eta Dizzy Gillespie edo Sonny Rollins eta Dexter Gordonen ondoan kantatu izan baitu. Hiru Grammyren irabazle da.

Rock izar managaitzen antzera, prentsaurrekora ia-ia ordu erdi berandu heldu zen atzo Bridgewater, kapela eta betaurreko beltzez, eta egindako galderak adeitsu eta luze erantzun zituen gero, ahots gozoz eta erritmoa zainduz, betiere irribarrea ezpainetan.

Itxuraz erlaxatuta, «pozik nago berriro Donostiara etortzeaz, gogoan dut 90eko hamarkadan bertan izan nintzela», esan zigun, bere egitasmoez berba egin baino lehen; «egun bi lan ditut esku artean». Bata jada grabatua, Theo Croker tronpeta joleak -lehen Donostia Jazzaldia saria jaso zuen Doc Cheathamen iloba- zuzentzen duen New Orleansko orkestra batekin. Bigarrenak blues musika du ardatz; «atzera egin eta aitak lan egin zuen tokira zein aitona-amonak zirenekora bueltatu naiz».

Bridgewater Billie Holidayren gorputzean makina bat aldiz sartua da, «Lady Day» ikuskizunean, esaterako. «Baina ez nuke esango bere ondorengoa naizenik, ahots askoren nahasketa baita nirea -Betty Carter, Tina Turner, Carmen McRae, Sara Vaughn, Aretha Franklin, Nina Simon edo Ella Fitzgerald izendatu ditu-. Esango nuke estatubatuar ahots tradizioaren oinordekoa naizela». Prentsaurrekoan, bi hamarkadaz Parisen bizi izan zen artistak opera mundua ondo ezagutzen duela ere erakutsi zuen; kantaera zurrunekoak direla dio.

Abestu aurretiko ahotsaren zaintzagatik galdetuta, «ez dut ezer egiten», onartu zigun herabe. «Ahotsa giharra da, momentu oro erabiltzen dena, eta nik atletatzat dut neure burua. Ez dut ahots ariketak egiteko ohiturarik, baina akituta nagoenean eta, inoiz egin izan ditut; ondo ezagutzen baitut neure musika tresna. Normalean, te beroa eta jengibre freskoa hartzearekin nahikoa».

Jazz kantarien divak, behin prentsaurrekoa bukatuta, berau jaso zuen Victoria Eugenia ezagutu nahi izan zuen, eta, antzokira sartuta, «zoragarri ederra da, italiar tankerakoa!», adierazi zigun txundituta. Bridgewaterrek Donostian izandako aurreko aldiaz berba egin zigun arren... iturri ofizialen arabera atzora arte inoiz abestu gabea zen Jazzaldian!

Gauerdian

Hondartzako agertoki berdea kasik osorik jasoa zen atzo, herenegun gauez itxi baitzuen jarduna, Austra eta Vintage Trouble taldeekin. Kanadar neskek arrakasta gehiago izan bide zuten Dabadaban hondartzan baino; disko jartzaile lanak bete zituzten modako aretoan, gu atalazean sartu ezinik ginela, bertan zen jendetza zela-eta -gauza bera jazo omen zen aurreko gauean The Horrors taldeko kideren bat plateretan zela-.

Austra hirukote elektronikoak «Beat and the Pulse» kantarekin bukatu zuen eta Vintage Trouble «High Times» kantarekin hasi zen; bost bat aldiz biderkatu zen hondar gainean zen entzule kopurua, izan ere, antolatzaileen zenbakitan 15.000 lagunek jarraitu zuen Hollywoodeko laukotearen jarduna, lehenengo egunean Jazz Band Ball-ean George Clintonen Parliament/Funkadelic-ek beste. James Brown imitaezinaren bidetik datorren Ty Tailor karismatikoa buru duen blues-rock taldeak «The Bomb Shelter Sessions» debut lana aurkeztu zuen oholtzan laukotea estu-estu eta hareatzan entzuleria gustura zela; gau bikaina.

Vintage Trouble oholtzan agertu zenerako, eta askoz formatu jasoagoan, San Telmo museoak izen homonimoko egitasmo bat zuen abian, Hasier Oleaga bateria joleak Guillermo Lauzuruca teklatu jole eta soinu sortzailearekin -Musikeneko irakaslea da gizona- eta Fanfy visual jockeyarekin hirukotean osatu zuena. Oleaga egun gurean dugun musikari grinatsuenetakoa dugu, mila proiektutan murgildua dena. Cantus Caterva taldearekin Trinitate plaza talde propioarekin zabaltzea lortu duen euskal musikari bakanenetakoa da, eta aurten, esaterako, Nevermind Triorekin terrazetan jo eta Maracas para Dos taldearekin jotzekoa zen atzo.

San Telmoko gauak, Donostia 2016ren eskutik emanak, proposamen intimoagoak dira gauerdirako, giro lasai eta atseginean eta builatik urruti direnak. San Telmo Trioren kasuan, museorako bidean paratu zuten agertokia, zulatutako horma modernoen aurrean. Oholtzaren ezkerretara Lauzuruca dugu teklatu eta tramankuluekin, eskumara eta kidearen parean, Oleagaren bateria. Eta entzule bat balitz bezala, beraiei (eta hormari) so, Fanfy Garcia frantziarra lehen lerroan. Bi lehenen arteko elkarrizketa inprobisatuak ametserako beta ematen dute; bideo sorkuntza originala da oso, zoragarriak irudiak. Nekearen pisua arinduta goaz lotara.