Ainize BUTRON
UDATE | APERITIFA...UZTARITZEKO GAITEROAK

«Goizean, batez ere herriko langileentzat jotzen dugu gaita»

Gaitaren eta Baionako besten arteko maitasun historia aspaldiko kontua da. Nonahi eta noiznahi ikusten dira gaita jotzaileak, hirukotean, musika tresna eta danborra lagun, karriketan musika zabaltzen. Baionara bestez gozatzeko egun-pasa hurbiltzen diren turisten lilura pizten badute ere, bertan bizi direnentzat ez da beti poztekoa izaten goizean goizetik gaiten doinuak entzutea. Goizeko bederatzietan hasten dira zabaltzen gaiten soinu ozenak karriketan zehar, bezperan jaietan ibilitako bestazaleen gau laburrak guztiz zapuztuz.

Jean-Pierre, Philippe eta Pilou uztariztarrak dira, eta duela hogei urte baino gehiago hasi ziren goizeko gaiteroen diana egiten. Baionako bestek irauten duten bost egunetan, goizetik arratsera bitartean jo eta su aritzen dira gaita doinuak zabaltzen kalez kale, eta, noizean behin, «eztarriak freskatzeko», baita garagardotxoren bat edo beste edaten ere.

Goizeko kalejirak aipatzerakoan, beraien lana dianaren bidez «jendea iratzartzea» dela adierazi dute. «Bestetako egitarauan sartuta dago aspaldi diana. Jendea kalera ateratzera deitzen dugu, berriz bestan sartzeko», nabarmendu dute, beren zereginaren xedea gogoraraziz, askok beharbada ahaztuta duelakoan.

Sekulan irainik jaso duten edo inoiz leihotik ura bota dieten galdetuta, hogei urte luzeko ibilbidean «behin edo bitan» halakorik gertatu izana aitortu dute. «Halere, orokorrean, gaiten erritmoa gustatzen zaio jendeari», diote.

Egun luzea

Azaldu dutenez, goizetan, kale hutsetan, garbitzen edo azkeneko prestakuntzak egiten dabiltzan «herriko langileentzat» jotzen dute gehienbat. «Kalean dabiltzan langileek gustukoa dute gaita», gaineratu du Jean-Pierrek.

Uste baino egun luzeago izaten dute hiru musikariek. Goizeko bederatzietan hasten dute eguna dianarekin. Ondotik, Leon erregearen gorteko jiganteekin batera Baionan zehar desfilea egiten dute, eta, behin eguerdian herriko etxera iritsi ondoren, kalejiran jarraitzen dute.

Arratsaldeko seiak aldera, Jacques Portes plazara, hau da, Karrikaldia egiten den lekura, joaten dira aperitifa hartzera. «Eguna gaueko bederatzietan bukatzen dugu, baina gero beti geratzen gara kaleetan poteoan», adierazi digute, besta segitzeko aski energia dutela frogatuz.

Hirukotea Baionako herriko etxearen azpiko ostatuan topatu dugu; gaita jotzen, jakina. Beraiekin garagardotxo bat hartuz, hainbeste urtez egun osoan horrela ibiltzeak ez al duen nekatzen galdetu diegu. Ezezko borobilarekin ihardetsi digute. Ez hori bakarrik, «gaita jotzen urte askotan segitzeko asmoa» dutela ere segurtatu digute.