Idoia ERASO
Udate

Pastoralak maskaradarekin egin du topo buhameen artean

Ohiko kantu, dantza, ardi eta Zuberoako paisaia ederrez gain «Petti buhame» pastoralak maskarada, kritika soziala eta ijitoen euskaraz gozatzeko parada ere eman zien Garindainera hurbildutako milaka pertsonei. Udako eguzki beroaren azpian Pier Pol Berzaitzek idatzitako hitzen eta Mixel Arotze-Zartantxük zuzendutako pastoralaren estreina arrakastatsua izan zen atzo.

Petti protagonistatzat hartu duen herria bere baitan izandako buhame kopuruagatik ezaguna da, horregatik, bertako gazteek historia hori ezagutarazi nahi zutela eta gaia eman zioten idazleari. Eta honek historiako hainbat datu ezagutarazi eta salatzeko baliatu du aukera.

Pastoralak bide horretan lagun hartu du maskarada, horrela taula gainean Zuberoako bi ohitura zahar ezagunenak elkartuz. Garindaineko giroa eta biztanleak ezagutarazteko aurkezpenean, inauteriak ailegatzen dira eta horiekin maskarada, antzezlaneko irri, txalo zaparrada eta txistualdi handienak sortaraziz. Kabana handiaren hitzak izan ziren gizarteko aurreiritziak zuzenean eta lotsarik gabe azalarazteko bidea: «Garindaineko jentea/ Erdia da buhamea/ aldiz beste partea/ jente huna eta perfeita!».

Kabanaren ahotan zirikatzeko xede argia zuten hitzak beste hainbat pertsonaiaren ahotan ere izan ziren, orduan gizartearen isla izateko helburuarekin. Horrela, arrazakeria, matxismoa edo ezberdinari beldurra agertu ziren arizaleen artean.

Agosti Xaho ere ekarri zuen Berzitzek Garindaineko pastoralera. Pettiren lagun eginik Xahok beste borroka batzuen berri eman zuen: euskara, askatasuna eta artzainen defentsa. Azken horien aldeko hitzek ardien agertokirako igoerarekin egin zuten bat, ondotik «Artzainen kanta» ederra heldu zelarik. Horrela, minutu gutxi batzuetan, kabalak, bertsoak eta musikak bat eginik pastoralaren elementu ezberdinak elkartu ziren.

Euskara

Gure hizkuntzaren defentsa pastoralean bereziki nabarmena izan zen Xahoren aldarrikapenen artean: «Lehen-lehenik eskola/ dohainik eta denentzat/ eüskaraz gure hizkuntza/ egoki beita horrentzat».

Zuberoatik urrun bizi direnentzat, pastoralak urtero zuberotarraz gozatzeko parada ematen du, eta pixka bat ikasteko ere, prefosta! Oraingoan, gainera, harago eraman du hiztegia Berzaitzek, ijitoen euskarazko hitzak ere entzun zirelako. Horrela jakin genuen «buha» haizea dela, «moga» aurpegia edo «ogatxo» gizona. Itzulpetxoarekin ere ezarri zituzten liburuxkan hitz anitz galduak izan baitira: «Makaben sos `xakel' (txakür) tzarra/ ixil hadi beti txanpa/ kikitza so'zan `kakabiari' (tüpina)/ egosi denez `kania' (oiloa)».

Kantuak eta dantzak beti bezain ederrak izan ziren, betiere zuberotarrek kanturako duten gaitasuna erakutsiz manexen miresmenerako. Gehienetan a capella, batzuetan bakarka eta besteetan taldeka, behin baino gehiagotan txalo zaparradak jaso zituzten arizaleek, Jean-Louis Bidabe-Arambururen gidaritzapean. Dantza ederrik ere izan zen, euskal dantza eta berrikuntzarako gunea eman zuena.

Arizale eta antolatzaileek hitz goxoekin agurtu zituzten ikusleak. Garindainera hurbildu diren milaka pertsonei eskerrak eman ondoren gomita heldu zen: «Ez zitela arrunt joan/ gora beit'orano ekia/ eta zerbait hartü gabe/ ez ützi gure herria». Horretarako oraindik bada parada, izan ere, bigarren emanaldia heldu den igandean izanen da.

Honi buruzko guztia: Udate