A. A. DONOSTIA
UDATE | JAZZALDIA

Ikusle kopuruaren beherakadak ez du Donostiako Jazzaldiaren arrakasta estali

Iazkoaren aldean ikus-entzule kopurua txikiagoa izan bada ere, Donostiako 49. Jazzaldia arrakastatsutzat jo dute antolatzaileek. Atzo egindako balorazioan kontzertuen kalitatea eta programazioaren aniztasuna izan zituzten hizpide eta, aurtengoa itxita, begiak hurrengo urtean finkatu zituzten antolatzaileek: ezer gutxi aurreratu zuten Jazzaldiaren 50. urteurrenaz.

Balorazio eguna izan zen atzokoa Donostiako Jazzaldiaren itzalpean lanean aritu diren milaka pertsonentzat eta, datuak eta sentipenak balantzan jarrita, 49. edizioak gazitik baino gozotik gehiago eduki duela nabarmendu zuten hiriko alkate Juan Karlos Izagirrek, kultur aholkulari Nerea Txapartegik eta jaialdiaren zuzendari Miguel Martinek. Guztiek hartu zuten ahotan «arrakasta» hitza eta, eguraldia lagun izan arren ikusle kopuruaren aldetik beherakada izan dela onartu bazuten ere, beherakada hori programazioa ez delako «aurreko urteetakoa bezain komertziala izan» gertatu dela esan zuten. Hala azaldu zuen Martinek eta, bere hitzetan, aurten komertzialtasunaren gainetik aniztasuna aintzat hartu izanak edizioa «interesgarriagoa» izatea ekarri du.

Datuak esku artean hartuta, Jazzaldirako antolatu diren 112 kontzertuek 140.000 pertsona bildu dituztela esan zuten, iaz baino 15.500 gutxiago. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da iaz Jazzaldiak inoizko parte hartzerik handiena izan zuela 155.000 ikuslerekin, eta, esaterako, Jamie Culum-en kontzertuak soilik 50.000 pertsona bildu zituela Zurriolako hondartzan. Aurten ez da halako kontzertu masiborik egon baina, hala ere, emanaldietan izan den jende kopuruaren batez bestekoa ontzat eman zuten.

Ordaineko kontzertuei dagokienez ere «beherakada txikia» izan dela azaldu zuten: aurten 12.650 pertsona izan dira emanaldi horietan, iaz baino 300 gutxiago. Antolakuntzatik, baina, ez zioten garrantzirik eman beherakada horri.

Gauzak hala, jaialdiaren arduradunak «oso pozik» agertu ziren aurtengo edizioak eman duenarekin, ororen gainetik programatu diren kontzertuen kalitate artistikoa nabarmendu zuten eta, ohi bezala, Martinek aurtengo Jazzaldiak eman dituen une eta kontzertu onenen laburpena egin zuen.

Hamarrekoa merezi duten lau kontzertu egon direla ziurtatu zuen: ostiralean Kursaalen Chick Coreak eta Stanley Clarkek eskaini zutena -amaieran Bobby McFerrin-en ezusteko parte-hartze eta guzti-; hurrengo egunean Toshiko Akiyoshik eta Lew Tabackinek eman zutena; Trinitate plazako kontzertuak itxi zituen Dee Dee Bridgewaterena; eta Vintage Troublek Agertoki Berdean egindako agerraldia. Hain zuzen, azken hau izan da, antolakuntzaren hitzetan, aurtengo kontzertu jendetsuena.

Corea eta Clark, historikoa

Antolakuntzatik prentsa ohar bidez nabarmendu zutenez, «Chick Coreak eta Stanley Clarkek piano eta kontrabaxu duo formatuan Auditoriumean eskaini zuten kontzertua jaialdiaren historiara pasatuko da. Ikus-entzuleek gogo biziz txalotu zuten Return to Forever-en sortzaileen musika jakinduria eta elkar ulertzea. Aretoa ia lehertu egin zen, bisean Bobby McFerrin beraiekin abestera azaldu zenean. McFerrin bezperan Trinitate plazan egona zen espiritualez osatutako errepertorioa eskaintzen, eta ikus-entzuleak bere ohiko begikotasun eszenikoz bereganatu zituen».

Hamarrekorik eman ez arren azterketa «oso ongi» batez gainditu dutenak ere izan direla aipatu zuen Martinek: besteren artean, Snarky Puppy, George Clinton, Enrico Rava, Dave Holland eta L'Orchestre d'Hommes-Orchestresen emanaldiak nabarmendu zituen.

Bere aldetik, antolakuntzak jaialdiko unerik hunkigarrienetakoa Tokisho Akiyoshiri Donostiako Jazzaldia Saria eskaini ziotenean bizi izan zela ziurtatu zuen eta piano-jotzaile eta orkestra zuzendari japoniarraren «ezaugarri gizatiar eta artistikoak» nabarmendu zituen. Basque Culinary Center-en izandako sari-emate ekitaldian publiko orokorraren aurrean kontzertu txiki bat eskaini eta, ostean, komunikabideen galderei erantzun ziela azpimarratu zuten.

Amaitzeko, aurten sare sozialetan egin den lana ere aipatu zuten. Izan ere, Instagramen argazki lehiaketa antolatu dute eta Facebook eta Twitterren «mugimendu handia» izan dela nabarmendu zuten antolatzaileek, 10.000 eta 6.000 jarraitzaileren langa gaindituz, hurrenez hurren.

Mende erdirako prestatzen

Behin 49. edizio «arrakastatsua» itxita, 50.ari begira jarria dago antolakuntza eta horretaz ere jardun ziren atzoko balorazio prentsaurrekoan. Ez zuten, ordea, xehetasun handirik eman nahi izan. Martinek «ahalik eta edizio bikainena» antolatzen ahaleginduko direla ziurtatu zuen, baina, betiere, aurrekontuak markatzen dituen mugekin. Alde horretatik, Heinekenen babesarekin jarraituko dutela nabarmendu zuen, markarekin sinatu zuten kontratuak oraindik urtebeteko iraupena baitu.

Programazio musikala «aurreko beste edozein edizioren parekoa» izango dela zehaztu zuen, eta Jazzaldiak betetzen dituen 50 urteetan jaialdiak izan duen garrantzia nabarmendu eta eman duenaz oroitzeko «proiektu bat» garatzen ari direla aurreratu zuen, xehetasun gehiago eman gabe.

Martinen hitzetan, antolatzaileek ez dute buruan Donostiara sekula ekartzea lortu ez duten artistaren baten parte-hartzea lotzea, eta, alde horretatik, iragan den urriaren 27an zendu zen Lou Reed izan zuen gogoan. Izan ere, 2008an Zurriolan jotzekoa zen baina New Yorkeko musikariak Europan egiten ari zen bira bertan behera utzi eta sekula ez zen Donostiako Jazzaldian parte hartzera iritsi.