GARA

Laminaciones Arreguiko EREak lantegiak kolokan uzten dituela dio LABek

Langileen eta Arabako lantegien etorkizuna kolokan ikusten du LABek eta Lakuari inplikatzeko exijitzen dio, horrela bermatzeko kaleratutakoak berriz lanean hartzea, baita lantegien jarduera ere. «Behingoz, langileak defendatu behar ditu eta Parlamentuaren agindua bete».

LABek erabat baztertzen du CELSA Taldeak langileak kaleratzeko enplegu-erregulazio espedientea (ERE) aurrera atera nahian sinatu duen akordioa, Laminaciones Arreguiri eragiten diona. Izan ere, bere ustez, berriki Zuzendaritzaren eta UGT, CCOO eta CIG sindikatuen artean lortutako hitzarmenak «kolokan jartzen du Arabako lantegien etorkizuna, plantilla minimo batekin eta aktibitate eskasarekin uzten baititu».

LABek dio UGTk eta CCOOk «España markako sindikalgintza» ekarri dutela gurera, 45 pertsonaren kaleratzeak onartuz (lanean ari direnen heren bat), eta aurretik kanporatutako guztiak alde batera utziz.

Bereziki larria da LABen iritziz UGTren jarrera, «bi urtez enpresa batzordetik desagertu ondoren (ordezkari guztiek, bik ezik, dimititu egin zuten eta gelditu ziren biek independente izendatu zuten beren burua) orain bueltatu direlako akordio bat antzezteko, negoziazio mahaitik kanpo osatu omen dena». Hori gutxi ez, eta batzorde negoziatzailea «desitxuratu» dutela salatu du LABek, independenteen bi postuak «bereganatuz».

LABek bere oharrean azaltzen duenez, kontsulta aldian, Laminaciones Arreguiko batzordearen gehiengoak gatazka konpontzeko proposamena aurkeztu zuen. Bertan, irtenbide bat planteatzen zuen kaleratuentzat, trantsizio neurriak enplegua bermatzeko, eta Lakua inplikatzea eskatzen zuen, ekarpena egin zezan lanpostu gehiago eta jarduera gehiago ziurtatzeko.

Halere, sindikatuaren hitzetan, enpresak hasieratik baztertu zuen, eta UGTrekin ustez adostutako proposamena aplikatu zuen, Larachako lantegirako hobekuntzak eskainiz, beraien ordezkarien onespena lortzeko. Ziurgabetasunezko egoera honetan, Lakuari inplikatu dadila exijitzen dio LABek.