Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Oporrak

Udako oporrak eguzkiarekin, alaitasunarekin eta zoriontasunarekin lotzeko dagoen joera mediatizatu eta kontsumistak komunikabideetako titularrak betetzeaz gain merkataritza guneetako erreklamo ere izaten dira. Denbora librea nola antolatu behar dugun esaten digute, adibidez Eroski Consumer-ek egiten duen bezala. Dibertitzea osasuna dela diosku, geure burua zoriontsu egin ezean nekez lortuko dugula beste inor zoriontsu egitea. Eta niri oporrak zoriontasunarekin lotzeko dagoen mania kontsideratu horrek ez dit onik egiten. Azalkeria iruditzen baitzait udan ongi hidratatzeko modu osasungarriekin batera «uda perfektu» batek nolakoa izan behar duen esatea. Opor idealak zoriontasunarekin lotu eta zoriontasunaren coaching ugari baitabil azkenaldion bazterrotan. Finean, bizi dugun kontsumo-jendarte honen beste adierazle bat baino ez da oporrak eta zoriontasuna lotzea. Zoriontasunak merkatu-balioa du. Oporretara joatea estatus kontua da egun. Edukitzearen zoriontasuna lehenesten baita, izatearen zoriontasuna baino. Eroski Consumer-ek dioena, Epikurok dioena baino.

Nire aburuz, bere buruarekin konformidadean bizi dena da zoriontsua, ez, ordea, zoriontasuna helburutzat duelako, bitarteko duelako baizik. Askotan ahazten dugun arren, bizitzea baita garrantzitsuena eta zoriontasunak hobeto bizitzen lagundu behar liguke.

Mundua ederra eta tragikoa da aldi berean; baina hobeto edo gaizkiago, zoriontsuago nahiz zorigaitzago bizi beharrekoa da eta, oporretan ere, bizitzak adar-begi asko ditu zoriontsuegi izateko.

Zoriontasun paradoxala deitu zion Lipovetsky soziologo frantziarrak egungoari. Zoriona lortzearren, lortu ezineko helburuak ezartzen dizkiogu geure buruari eta lortzen ez ditugularik, frustrazioak jota gelditzen gara. Horregatik guk geuk ematen diegun balioa izango dute geure amets eta helburuek, ez Eroski Consumer-ek esaten digutenaren araberakoak. Zoriontasuna gure imajinarioaren legami gisa ulertzen dut, zorigaitzaren aurkia da eta zorigaitza nahigabe etortzen den legez, zoriona eraiki beharreko gordelekutzat daukat nik neuk. Eta hau ez da udako opor batzuetan, besterik gabe, eraikitzen. Alferrikakoa baita zorion perfektuaren atzetik ibiltzea, barne-sentipen bat da.

Paul Eluard poetak zioen ez dela ezer behar mundua egiteko, zoriona nahikoa dela. Baina horretarako ez dago oso urrun joan beharrik. Nahikoa da geure barruan begiratzea.