Arantxa MANTEROLA
Elkarrizketa
PEIO OSPITAL
Atxik Berrituz-eko kidea

«Hemen aztertzen diren gaiez ongi jabetzea oso inportantea iruditzen zait»

Berarentzat «interes handiko gaia» delako, «batez ere Euskal Herriko egoera» kontuan izanik, deliberatu du ikastaroan parte hartzea. Beldur zen, aditua ez izaki, han esandakoak ulertuko ez ote zituen, baina «aski pedagogikoa» iruditzen ari zaio.

Atxik Berrituz talde giristinoaren izenean etorri al zara?

Ez, maila pertsonalean etorri naiz. Uste dut Euskal Herrian bizi dugun egoeran oso inportantea dela hemen tratatzen diren gai hauetaz ongi jabetzea. Lan funtsezkoa egin nahi baldin badugu eta modu serioan, nahitaez metodo batez eta printzipio argi batzuez jabetu beharra daukagu. Beste erara esanda, gure gizarteari zerbaiten laguntza ekarri nahi badiogu, hemen esaten denaz ondo jabetu behar dugu. Horregatik nago hemen, hau guztia pixka bat argitzeko eta ikasteko. Ez naiz batere aditua honetan baina, halere, ulertzen dut. Nahiko pedagogikoa da.

Jende profesionala, adituak, ikasleak ikusten dira. Arduradun politikoak falta dira. Gai hauei buruz jakitun ote?

Ez dakit horrelako gauzez badakiten aski. Gutxienez interesa izan beharko lukete, hori segur. Baina beharbada, hori ere, politikariak horrelako printzipioez jabearaztea, alegia, gizartearen lana da. Presio pixka bat sortu eta, beharbada, gauzak erraztuko lituzke.

Beste modu batzuk badaudela iker dezaten esan nahi duzu?

Bai. Hemen goizean argi utzi duten bezala, politikariak ez dira berehala sartzen gauza hauetan. Beren denbora behar dute. Beharbada, Euskal Herrian oraindik fase horretan gaude.