Amaia GARTZIA
Udate

Kontzertu entzutetsuak eta bertso saio ugari iragarri dituzte Gasteizko Txosnek

Besteak beste, Gatillazo, Esne Beltza, Ze Esatek!, McOnak, The Soulbreaker Company, Big Band Berri eta Doctor Deseo taldeek joko dute. Bertso saio ugari antolatu dira, eta aurtengo Txosnisaria Gasteizko Harresia kolektiboak jasoko duela jakinarazi zuten atzoko prentsaurrekoan.

Kontzertu ugari eta kalitatekoak eta atzean gelditzen ez diren bertso saioak. Gasteizko unibertsitate aldean kokatzen diren txosnek aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietarako prestatu duten egitaraua ikusirik, urtetik urtera ekinaren ekinez langa guztiak gainditzen doazela ezin ukatu, urteak baitira oro har jendea zeharo gogobetetzen duen egitaraua dakartela, eta datorren astean hasiko diren jaiekin ez dute joera aldatu.

Atzo prentsa agerraldian azaldu zutenez, Gasteizko Harresia kolektiboak jasoko du Gasteizko Txosnek urtero ematen duten Txosnisaria. Herrigintzan nabarmentzen diren eragileak saritzeko sortu zen sari hau, eta joan den irailean hainbat gasteiztarren aurka abiatutako epaiketa politikoei aurre egiteko hartutako arduragatik omendu nahi izan dute kolektibo hau. Era berean, gogorarazi zuten «oraindik ere hainbat gasteiztar epaiketa politiko horien mehatxupean badirela». Honi jarraiki, jaietako azken egunean, abuztuaren 9an, Herri Harresiak antolatutako Egun Laranjarekin bat egiteko erabakia iragarri dute antolatzaileek. Txosnetan lanean arituko direnek zapi edo kamiseta laranja eramango dute elkartasunez, eta arratsaldean egingo den kalejiran parte hartu. Berritasunen artean, hamaika kolektibo ezberdinez osatutako Gasteizko Txosnek beste bi kide berri izango dituzte aurrerantzean: Arabako Bertsozaleen Elkartea eta Sukalde-Gerrilla kolektibo gastronomikoa.

Sukaldeak aipatuta, bide batez esan txosna guztietan Arabako produktu ekologikoren bat dastatzeko aukera izango dela aurten, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua eginda. Zaborraren sailkapenean ere «indar berezia» egin nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. Hartara, gune osoan hondakin organikoa biltzeko kontainerrak izango direla azpimarratu dute.

Bestalde, eraso sexisten aurreko gaitzespena adierazi zuten antolatzaileek, eta halakoak txosnetan ez direla ongi etorriak nabarmendu zuten beste behin: «Edozein erasoren aurrean Txosna Batzorde osoa izango dute erasotzaileek gunetik kanporatzeko». Orobat, halako erasoak salatu ahal izateko telefono bat jarri dute: 688 69 76 88.

Iaz bezala, jaiei aurrea hartu eta egun bat lehenago hasiko dira ekintzak txosnetan, Aihotz plazatik irtengo den kalejira batek inauguratuta. Gauean, Big Band Berri eta Izerdi Gorria taldeak izango dira aurrenak oholtza estreinatzen. Agertoki nagusi hori dantzan jarriko duten beste taldeak Gatillazo eta GBH (abuztuak 5), DJ Loro & Selektah Stepi eta Esne Beltza (abuztuak 6), Arenna eta The Soulbreaker Company (abuztuak 7) eta McOnak eta Ze Esatek! izango dira (abuztuak 8).

Hasi bezain gogotsu emango diete amaiera jaiei, Doctor Deseoren kontzertuarekin. Bestalde, bertso saioak izango dira egunero. Hilaren 5ean, asteartean, bertso-kata izango da enologoa ere baden Orlando Arreitunandiarekin eta Arabako Errioxako bertsolariekin. Asteazkenean, Bertxoko All Stars, eta ostegunean, bertso-saio musikatua Ander Solozabal, Julen Zulaika eta Irati Andaren eskutik. Iñaki Viñasprek eta Iker Pastorrek bertso-fussion saioa prestatu dute ostiralerako. Eta amaitzeko, larunbatean bertso-kinitoa egingo dute, kalimotxoa Vs. Garagardoa norgehiagokan. Duela pare bat urte estreinatutako Gazte Karpa gunean ere ekintza ugari izango dira. Abuztuaren 8an, Oihane Perea, Ruben Sanchez, Onintza Enbeita eta Sustrai Kolina bertsotan arituko dira 13:30ean. Egun berean, bazkari ekologikoa eta Azido Folkloriko taldeak eskainitako dantza plaza burutuko da. Kontzertuen artean, bestalde, Raperos de Emaus, Mandoilek, Revolutionary Brothers, Akatz, The Mocker´s eta Triki & Traun Djs izango dira.

Honi buruzko guztia: Udate