Kazetaria
JO PUNTUA

Normaltasun zitala

Papá, papi, papito!», jaitsi da umea autobusetik, udalekuetatik iritsi berritan. Aitak, hogeita bost minutuko itxaronaldiaren ondoren, badiotsa: «Como me vuelvas a llamar así, te doy un sopapo que te dejo sentado». Umeak jarraitu du: «La andereño me ha reñido por no hablar en euskera». Eta aitak, sutan, «hasta ahí podíamos llegar, ¿quién se creerán que son para reñir a mi hijo?», farfuilatu du. Hau, jakina, fikziozko antzezpen bat baino ez da, baina oraindik orain, umeei euskaraz egiteko eskatzeagatik, Zuhatzako udalekuko monitore bat kaleratu izana negargarri bezain egiazkoa da.

Baten bati euskarazko udalekuetan euskaraz egitea bitxia iruditzen zaio, nonbait, eta onartezina. Horregatik, guraso batek Mendebaldeko erreserba espiritualaren jagoleengana jo eta Arabako Aldundiak begiralea bota ondoren, Javier de Andres harro asko agertu zen bere balentria dela eta. Gogoan al dituzue orain dela hamazazpi urte hautsak harrotu zituzten motxila haiek, Zeanuriko udaleku batean euskaraz ez egiteagatik haurrei «harriz beteta» eramanarazi omen zizkietenak? Oraingoan ez dute orduko kanpaina burrunbatsua abiatu, baina langile hori kalean da. Eta pozik, pentsatzen bide dute, genozidioa leporatuta Auzitegi Nazionalera bidali ez dutelako.

Batzuek gaztelania mehatxupean sumatzen dute, non eta kasualitatez, edo historiak edo aita santuak hala nahi dutelako, denok gaztelaniaz dakigun leku batean. Ohituta gaude, eta ez entitate pribatuetan bakarrik, «no hablo vasco» lehorrak entzuten, kasurik onenean. Garai honetan ez da ohikoa harako «habla en cristiano» hura, baina bai begirada ezin adierazgarriagoa, edozein hitz multzo baino argiago ulertzen dena: «Pedazo de gilipollas, ¿no tienes nada mejor que hacer que venir a molestar?». Eta oso ohikoa izan da euskaraz egiteko ausardia zuenak «perdón» erantzutea. Zorionez, gero eta maizago entzuten da langile horrek ez lukeela lanpostu horretan egon beharko euskaraz ulertu eta arreta emateko gai izan gabe. Eta funtzionarioarena bezain begirada adierazgarriak ikusten dira: «Hoa txakurraren salara!».

Bertan dira Gasteizko jaiak. Ez dakit zenbat euskarazko ekitaldi izango diren, baina ehuneko lau baino ez balira ere, batzuei gehiegi irudituko litzaizkieke. Aurrekontuaren edozein ehuneko, denik txikiena ere, gehiegizkoa baita horientzat, euskarari zer dela-eta diruz lagundu behar zaion ulertu ezinik. Gainerako guztia gaztelaniazko ekitaldietara bideratzea, ordea, inoiz ez da gehiegizkoa, normala baizik.