Amalur ARTOLA DONOSTIA
Udate

«Aurkikuntza handitzat» jo dute Praileaitz I-en bigarren sarrera

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ikerne Badiola Kultura diputatuak eta Xabier Peñalver Praileaitz ikertzen ari den arkeologo taldeko buruak eman zuten atzo aurkikuntzaren berri: lantaldeak espero bezala, Debako Praileaitz I haitzuloak bigarren sarrera bat du eta hori aurkitzea lortu dute pasa den astean amaitu zen udako indusketa kanpainan.

Aurkikuntza barrutik kanpora egin dute; hau da, sarrera nagusiaren eskuinetara dagoen galeriatik segituta, eta, Badiolaren hitzetan, aurkikuntzak «garrantzi handia» du, bi arrazoigatik: «Batetik, Praileaitzeko haitzuloa uste genuena baino konplexuagoa dela erakusten digulako, beste sarrera hau handia izan daitekeela uste baitugu. Eta, ikuspegi arkeologikotik, atondoaren eskuinean dagoen galeria berrian aurreko urteetako indusketetan aurkitutako material zaharren jatorrizko aztarnategia aurkitzeko aukera ematen digulako». Hau da, orain aurkitutako sarrera eta galeria berriaren barnean zeuden Neandertalgo gizakiak egindako tresna batzuk eta urak lekuz aldatu zituela uste dute.

Egun, aztarnategia menditik eroritako jalkinez estalita dago eta, sarrera zabaltzea lortu badute ere, hurrengo lana jalkin horiek kendu eta jatorrizko aztarnategia aurkitzea izango dela iragarri zuten. Ongi kontserbatuta badago, bertan Goi Paleolitoko eta Moustier aldiko aztarnak topatzea espero dute. Horrek indusketa intentsiboagoak eskatuko dituela baieztatu zuen Badiolak eta, «gaiak hartu duen garrantzia» aintzat hartuta, Praileaitzeko indusketetarako «diru partida handiagoa» bideratuko dutela jakinarazi zuen; horrela, hurrengo urtean bertan 3-4 hilabetez lanean jardun ahal izateko.

Babes osoaren beharra

Hitza hartuta, Peñalverrek 2009an indusketak etetera derrigortu zituztenean jada sedimentuz betetako galeriak egon zitezkeela esan zutela ekarri zuen gogora, eta egun gune arkeologikoa babesten duen eremua «ezagutzen diren galerien arabera soilik» egina dagoela salatu zuen. «Aspalditik ari gara esaten koba honetan aurkitu ditugun material zaharrenak, non aurkitu ditugun kontuan hartuta, ezin zirela orain arte ezagutzen genuen sarreratik etorri. Derrigor egon behar zuela populazioak erabiltzen zuen bigarren sarrera bat lohiz betetako gunean».

Aurtengo kanpainaren helburu nagusia eremu horietan lan egitea izan da, eta hala aurkitu zuten, uztailaren 11n, gorantz zihoan zulotxo bat: «Handik burua aterata espazio zabalak eta noranzko ezberdinetara zihoazen galeriak ikusi genituen eta, handik gora sartuta, zona berria ikusi eta 25 zentimetro eskaseko zulotxo bat topatu genuen: bertatik kanpoko begetazioa ikusi genuen», azaldu zuen. Hori da Praileaitz I-eko bigarren sarrera, eta kanpotik, berriz, oihuen bitartez aurkitu zutela zehaztu zuen, sarrera sedimentuz eta begetazioz estalia baitzegoen. Behin aurkituta, garbitu, bi metroraino zabaldu eta hesitu egin dute.

«Aurkikuntza honek bertan egon diren populazioen gaineko datu gehiago emango dizkigu», baieztatu zuen Peñalverrek. Izan ere, bi metroko sedimentazio gune berria dute ikertzeko eta, hori hustean, sarrera hau orain artean ezagutzen zenaren tamainakoa izan daitekeela aurreikusten dute.

Garitanok babes eremua handitzeko eskatu du

Praileaitzeko bigarren sarrera orain arte ezagutzen zenetik 16-18 metrora dago eta Kosta Legearen babes eremuaren barnean sartzen da. Beraz, Sasiola harrobia ustiatzen duen Zelaeta enpresak ezin du bertan lan egin, baina, gune arkeologikoak duen garrantzia aintzat hartuta, berriro ere egungo 50 metroko babes perimetroa 100 metrora igo dezala eskatu zion Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Lakuako Gobernuari: «Indusketa hori guztia ezin da behar bezala egin, ez badugu derrigorrezko babes mailarik, eta horregatik eskaera egiten diogu Eusko Jaurlaritzari: zabal dezala Praileaitzen inguruko babes eremua eta lehenets dezala ondarearen garrantzia beste kontsiderazio eta interes ekonomikoen aurretik». Egun indarrean dagoen babes eremua bermatzeko Lakuak kalte-ordain gisa Zeleta enpresari 18.000.000 euro ordaindu berri dizkiola jakinarazi zuen Garitanok, «epaitegi batek horrela agindu zuelako. Baina sententzia horrek zalantzak sortzen dizkigu. Lehena, epaia joan den mende hasierako legean oinarrituz egin zelako», ondareak egungo gizartean duen garrantzia aintzat hartu gabe. Bigarrenik, babes eremuaren zatirik handiena Kosta Legeak babesten duenez, konpentsazioa gehiegizkotzat jo zuen Garitanok.

Jaurlaritzari aurkikuntza «berehala» jakinarazi zaiola nabarmendu zuen eta Gipuzkoako Aldundiak zaintza legearen gaineko bilera eskatu duela, «haitzuloaren ezaugarriak aldatu egin direlako erabat. Urgentziaz gutxienez bigarren eremura zabaldu beharko litzateke, erabaki ausartagoak hartu bitartean», nabarmendu zuen Garitanok.

A. A.

Honi buruzko guztia: Udate