Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Erraietatik

Beti iruditu zait obsesio iragankorrak izatea gauza handia dela. Motibazio bihurtzen dira askotan eta bizitza besterik gabe zein ezinbestean okupatu. Halaxe pasatu zait Danele Sarriugarteren nobelarekin, bi aste eman ditut «edonon» eta «edozeinekin» honi buruz hizketan. «Erraiak» gora eta «Erraiak» behera. Zalantzarik gabe, azken urteetako irakurketen oroimenean hoberen gordeko dudanen artean egonen da irakurgaia. Ez da asmoa liburuak literarioki egiten duen ekarpen paregabearen inguruan aritzea, hori beste batzuentzat utziko dut. Gainera, gogoak ez dit hori agintzen, gogoa hamabostero dudan espazio honetan zenbateraino ukitu nauen adieraztea baino ez da. Zenbateraino lagundu nauen errelatoak. Eta liburua bukatzean, zenbateraino geratu naizen umezurtz sentsazioarekin. Badira norberaren egunerokotasunean barneratzen diren fikzioak -«The Wire» ikusi zuenetik Jamesson whiskiz mozkortzen da nire lagunetako bat- aipatzearren.

Aspalditik hitzen artean babestea bilatzen dugunontzat erraietako literatura ekarri digu. Barrutik ateratzen dena kontatzeko modua, pasa beharreko filtroetan gehiegi erreparatu gabe. Ez dut analogiarik egingo, ordea, erraietako hizkuntzatik azkenaldian erabili ditudan bestelako erreferentziak ekarri dizkit gogora. Assata Shakurren olerkiak, esaterako. Maite zuen ohaideari esandako hitzak: «Hil zinen.

Negar egin nuen.

Eta zutitzen jarraitu nuen.

Pixka bat polikiago (agian). Baino askoz modu hilgarriagoan». Edota tradizio beltzaren inguruan egindako olerki amaigabea: «Olerkietan eta blues kantetan eta saxofoien oihuetan, jarraitu genuen (beltzen herriak). Ikasgeletan eta elizetan, eta epaitegietan eta kartzeletan, jarraitu genuen. Tribuna inprobisatuetan eta piketeetan. Asistentzia sozialaren ilaretan, langabeen ilaretan. Geure bizitzak ilaran, jarraitu genuen».

Gauzak kontatzeko modu posible bat baino ez da. Hainbeste galbahe, hainbeste zuzentasun eta hainbeste arauren artean, norberaren ikuspuntu edo subjektibotasunari aukera bat ematea. Eta modu honetan, erraietakoa norberaren ikuspegi partikularra bilakatzen da, inguruan duenarekiko iritzi bat. Kosmobisioa. Politika.

Eskertzen dira hortik egindako errelatoak. Inguratzen gaituzten kode astun eta hertsietatik ihesi, gauzak beste modu batera konta daitezkeen seinale goxo bat.