Maider IANTZI DONOSTIA

Pasaiako Portu Agintaritzak kanpo kaiaren plana erretiratzea proposatuko du

Krisiak trafikoaren eboluzioa aldatu duela azaldu du Pasaiako Portu Agintaritzak: orain dela hamar urte aurreikusitakoa baino 40% txikiagoa da. Horregatik, epe laburrera, ez du egingarri ikusten kanpo kaia.

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) proiektu bat jarri du martxan kaiaren geroa erabakiko duten faktoreak zeintzuk diren jakiteko. 2025ean jarria dute begia, argazkiko lanbroaren atzean hemendik hamaika urtera bertako paisaia eta jarduera nolakoak izanen diren irudikatuz.

«Pasaiako Portuaren Analisi Estruktural Prospektiboa» izena du egitasmoak. Martxoan abiatu zen eta urrian bukatzea aurreikusten dute. Atzo kaian bertan emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, lehenengo etapa bukatu dute jada. Bertan, 60 pertsona ingururen iritziak jaso dituzte, instituzioetako ordezkarienak (Estatuko portuak, Madrilgo Gobernuaren ordezkaritza, Adif, Lakuako Gobernua, Diputazioa, udalak eta Merkataritza Ganbera) zein portuko komunitatearenak (enpresak, zerbitzuak, garraiolariak, sindikatuak, lonja...).

Elkarrizketak egin zituzten guztiekin eta 50 aldagai jaso zituzten. Hauek ekainean egindako bi osoko bilkuratan eztabaidatu zituzten, 32 kideren artean.

Aldagai estrategikoak

Bigarren etapa uztailean hasi da eta proposatutako alderdiak eta irizpideak lantzea eta garatzea du xede, gero plana egitean kontuan izateko.

Eztabaida saioetan aztertutako aldagaiak sailkatu dituzte, garrantzitsuenetik hasi eta bigarren mailakoetara. Zerrendaren buru, PPAren beraren rola agertzen da, faktore honek lortu ditu puntu gehien. Eta Portu Agintaritzak honako irakurketa egin du: «Honek pentsarazten digu badaudela agertoki positibo bat eraikitzeko aukerak, neurri handi batean, gure esku egongo da hori».

Aldagai estrategiko eta gako anitz hiru alderdiren barrenean sartzen direla ikusi dute: portuko espazioetan, ingurugiroan eta azpiegituretan. Aldagaietan norabide bat edo bertzea hartu, desberdina izanen da hemendik hamarkada batera edukiko dugun agertokia.

Azpiegituren artean, aipamen berezia merezi du hainbertzetan aipatu den eta eztabaida bat baino gehiago piztu duen kanpo kaiaren egitasmoak. Azterketan ikusi dute gaur egungo krisi ekonomikoak tradizionalki izan den trafikoaren norabidea aldatu duela: duela hamar urte aurreikusten zena baino %40 apalagoa da, eta datozen hamar urteetan 5 milioi tona baino gutxiago mugituko direla kalkulatzen dute.

PPAren datuen arabera, 6,27 milioi mugitzeko gaitasuna du egun eta kanpo kaiarekin 17 milioira iristea aurreikusten zen. Prebisio horiek honako ondoriora eraman dute erakundea: «Epe ertainera ez dago ekonomikoki justifikatuta kanpo kaia eraikitzeko egin beharko litzatekeen inbertsio handia. Horregatik, irailean egingo den Administrazio Kontseiluan Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida Plana erretiratzea proposatuko dugu».

Hilabete horretan lantaldeek ekarpenak prest izatea eta gogoeta taldeari aurkeztea aurreikusten dute, konpartitu, aldatu eta urrirako lanak bukatzeko.