Maider EIZMENDI
UDATE BETE

Euskara eta lurraldearen ezagutza, udalekuen muin

Oporren bueltan ohikoa da ikastetxean udako egun argitsuetan egindakoaren gainean galdegitea. Azken egunetan Mauleko Agerria etxean ostatu hartu duten neska- mutilak aisiaz eta ikasitakoaz mintzatuko zaizkie beren ikaskideei; izan ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako haurrak hartu dituen udalekuetan denerako tartea izan dute: lagunak egiteko, esperientziak partekatzeko, Ipar Euskal Herriko xehetasunak beren egiteko...

Dagoeneko etxera buelta eginak dira, baina guztiek izango dute, seguru asko, itzuleran kontatzeko makina bat abentura, pasadizo eta jasotako irakaspen. Entzuteko prest izango dituzte ingurukoak. Hizkuntzetan edota kiroletan trebatzeko egiten diren egonaldien pareko edo antzeko, lurralde irakaspenak hartu dituzte, batez ere, Mauleko Agerria etxean izan diren hamar eta hamabost urte arteko 103 gazteek.

Astebetez izan dira Zuberoako hiriburuko etxe honetan ostatu hartuta, eta bertatik abenturaz eta jolasez beteriko txangoak abiatu dituzte.

Etxera iritsi berritan egin zuten jolasak iragartzen zuen egonaldiaren aberastasuna. Hilaren 24an nor bere herritik iritsi zen, eta lurrean marraztutako mapa batzuetan kokatu zuen bere jaiolekua eta bere euskalkian azaldu gainerakoei haren ezaugarri nagusiak; lurralde eta hizkera altxorra. «Elkarrekilan Zuberoan» egitasmoak bazuen izan helburu handi bat: Zazpi herrialdeen kohesioa indartzeko proposatu dituzte udaleku bateratu hauek.

Bigarrena, Bidasoa ibaiaren gainean zubi handi bat eraikitzea eta, batez ere, Zuberoako bazterrak ezagutzea. Izan ere, Zuberoako natura, ekonomia eta historiari jakin-minez beteriko begiratua eman diete.

Zirrara uneak ere izan dituzte astebeteko egonaldi honetan. Holtzarteko zubian igota, urdailean kilimak sentitzea saihetsezina izan zen-eta gehientsuenentzat. Hala ere, atera zuten, han goian egonik ere, besoak altxa eta olatuak egiteko kemena, bai eta bazterrera gerturatu eta Olhadoko errekaren ikusmirari begiratzekoa ere. Ur freskoari begiratzearekin bakarrik konforme ez, eta haurrak Kakuetako putzuetan ere izan ziren eta hango uretan jira eta bueltaka udako beroak astindu zituzten.

Liluraz betetako irteera egin zuten halaber, Mauleko gaztelura. Giltzaz atea ireki eta historiaz betetako eraikinean barrena abiatu ziren, zirrikituak ezagutu eta bertan bizitako pasadizoak entzuteko.

Sortzaileen bisitak ere jaso dituzte Agerre etxean; bertan izan baitira, besteak bestea, Amaren Alabak taldeko abeslariak. Ilunabarrean eta etxeari argi emanez iritsi ziren, euren ahots gozoekin bertako kantuei errepaso egiteko. Kantuen ondotik guztiak aritu ziren elkarrekin dantzan.

Etxean izan zuten, halaber, Asisko Urmeneta komikilaria. Hark eman zien saio praktiko baten bitartez elkarrekin ikusi zituzten «Gartxot» filmaren xehetasunak.

Sortzaileak etxera eta eurak sortzaileengana ere joan dira; pasa den igandean, izan ere, Garindainen Pier Pol Berzaitzek idatzitako hitzen eta Mixel Arotze-Zartantxuk zuzendutako «Petti buhame» pastorala ikusi zuten haurrek. Gerturatutako milaka pertsonen artean leku hartuta egon ziren hala ehun haurrak.

Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeko arduradun Nagore Amondarainek egonaldiaren alde positibo edo aberatsa nabarmendu du, eta, guztiaren gainetik, euren arteko harremanetarako haurrek euskara baliatzea goratu du. «Zailtasun batzuk izan dira, noski, euskalkien gorabeherengatik, baina uste dugu oso garrantzitsua dela batak bestea ezagutzea eta etxera bueltatzea bakoitzak hitz berri batzuk eta jatorri desberdin batzuk ezagututa», ohartarazi du.

Aurrera begira zer egingo duten ikusteko dago, baina abentura eta esperientzia aberasgarria izan dela ezin da ukatu, bai udalekuena, bai eta hau antolatzen aritu diren erakundeen arteko elkarlanarena. Hala, aitortu dio Amondarainek Kazeta.info-ri. «Udalbiltzak Agerria etxea ezagutzera gonbidatu gintuen, eta haren ostean erabaki genuen eremu ez formalean aritzen garen hainbat hezkuntza eragilek erronkari eustea. Behin erabakia hartuta, Uda Leku elkarteak eta Ikastolen Elkarteak bat egin zuten». Honakoa gaineratu du: «Aspalditik entzun izan dugu Iparralde eta Hegoaldearen arteko muga amildegia dela batzuetan. Ikusten genuen beharrezkoa zela harreman horiek azkartzea, zubiak eraikitzea mugaz bestalde, eta oinarrizkoa da hori haurtzarotik egitea; heldutasunera iritsitakoan haustura horiekin ez topatzeko». Euskal Herri osoko ehun haurrek lortu dute bederen zubi horren gainean pausoak ematea.