GARA

Nafarroako etxeen %3an ez da inolako diru sarrerarik; %14an, pentsioa baino ez

Pobrezia etengabe hazten ari da, CCOO sindikatuak Nafarroan egin duen ikerketak argi uzten duenez. Esaterako, 18.000 etxetan ez dago inor lanean, eta jadanik ia 8.000 dira inolako diru sarrera «normalizaturik» ez dutenak. Kopuruok laukoiztu egin dira 2008tik hona.

Krisialdia hasi zenetik hona, azkeneko sei urteotan beraz, laukoiztu egin dira Nafarroan pobrezia adierazten duten hainbat datu. Esaterako, orduan 4.650 ziren kide guztiak langabezian zituzten etxeak, eta gaur egun 18.000 dira. Halere, lazgarriagoa da datu hau: horietariko 7.778 etxetan ez da inolako dirusarrerarik, behintzat era «normalizatuan edo ohikoan», ikerketa egin berri duen CCOO sindikatuak zehazten duenez.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren aurtengo lehen hiru hilabeteetako datuak hartu ditu oinarri, baina beste hainbat faktore txertatu ditu, adibidez Nafarroan dauden langabeentzako diru laguntzak. Eta horietatik ondorio hauxe atera du: Nafarroako etxe guztien %3,1ean ez da eurorik batere sartzen. Horrek esan nahi du ez dagoela lanean ari den inortxo ere, ez erretiro-pentsioa jasotzen duen inor, ez langabezian egoteagatik laguntza jasotzen duenik, ez eta beste edozein motatako diru sarrerarik duen inor ere.

Egoera latza bada ere, Estatuko datuekin alderatuta Nafarroako familiak egoera hobean daudela dio ikerketak. Izan ere, hau Nafarroako etxeen %3,1ean gertatzen da eta Estatu mailan, berriz, %4,23an. Antza, arlo honetan Errioxaren atzetik egoera onenean dagoen bigarren autonomia-erkidegoa da Nafarroa.

Pentsioetatik soilik bizi diren familien datua ere nabarmentzekoa da. Izan ere, egun Nafarroako 37.100 etxetan hori da dagoen diru sarrera bakarra, beti ere CCOOk egindako kalkuluen arabera. Portzentualki, kopuru osoaren %14,81a da. Duela sei urte, 34.572 etxe ziren egoera horretan.

Lehentasunak

Datuok eskuan, lehentasuna gazteei eta iraupen luzeko langabeei lanpostua eskaintzea izan behar dela esan du CCOOek, eta Nafarroan diru sarrerarik ez duten familia horiei oinarrizko laguntza ematea. Hori egin ezean, pobrezia, bazterkeria eta gizarte desoreka gero eta handiagoak izango direla ohartarazi du, ikerketa honen ondorio gisa. Okerren dauden kolektibo hauek lan merkatuan sartzea lehentasuna izatea proposatu du sindikatuak, arazoa arintzeko.

Eta, orokorrean, politika ekonomiko erasokorragoa egin behar dela berretsi du CCOOek, zerga politikaren bidez diru sarrera gehiago lortuz eta ateratakoa hobeto banatuz, egun indarrean dauden gastu publikoa murrizteko joerak albo batera utzirik.