Jon GARMENDIA Idazlea
Udate

Musikaran

Batzuetan, etxera sartu eta gainean daramatzazun trasteak lurrean utzi bezain laster, musika aparailua pizten duzu, eta orduan hasten da festa; bolumena igo arau, etxeko paretak eta zorua dantzalekuko agertoki bilakatzen dira, eta egun osoan burua kolpatu dizuten pentsamenduak uxatzeko manerarik zuzenena atzematen duzu. Magiazko zerbait da musikarena, gorputza mugitzearekin batera, eskuekin gitarra bat marrazten duzu, eta oihuka jarraitzen diozu kantariari; ohartzerako, tentsio guztiek ihes egin dute zugandik, eta beste zu bat, berri-berria, aurkitu ohi duzu oinen gainean. Hargatik da ukan dezakezun medikurik onena, psikologo, edo psikiatra bestela, berak zu bezainbeste, zuk, entzuten baituzu bera. Quid pro quo. Zuk gorputza eta gogoa, hark melodia eta harmonia, hori da trukea. Besteetan, goizean goiz izaten da, ohetik jaiki bezain laster. Ez da zein arropa jantziko duzun, ez, zer musika entzungo duzun baino ez da izaten. «Egun on» esateko gogorik ez duzunean, musikak zure ordez hitz egiten du. Edo bakarrik zaudenean, nahitara hautatu gabeko bakardade horretan, lagunik leial eta zintzoena izaten daki berak. Lanerakoan entzuten duzu, eta lan egiterakoan. Maitatzerakoan, eta maitatua izaterakoan. Askatu egiten zaitu, baina baita lotu ere, beste pertsonengana, desira duzun horretara guztira. Filmek bezala, iraganak ere musika baitu zuretzat, orainak duen manera berean, eta geroari doinua jarri nahi diozularik, esperimentu bat egitea bururatu zaizu. Mundu desberdin bat irudikatuko duzu egun batzuez, musikarik gabekoa; eta jaietako txosnek ez dute soinurik jaulkiko zuretzat, tabernetako bafleek ere ez, eta gutiago musika tresnek; zure munduan ez da irratirik entzungo, ez eta telebistarik ikusiko. Eta orduan ulertuko duzu zenbat toki hartzen duen musikak zure bizitzan, edo agian, musikarik gabeko mundutarrek nola kristo egiten duten alai bizitzeko.

Honi buruzko guztia: Udate