Amaia GARTZIA
Udate

Irriari eusten dion herri jaialdia

Araiako Umore Antzerki Jaialdiak 21. edizioa du aurten. Gaur hasi eta lau egunetan, irriaren hiriburu ez bada ere, irriaren herri izango da Arabako leku hau. Kale antzerki eta ikuskizunak ez dira faltako, oholtza gaineko obrez gain. Urtetik urtera aurrekontuarekin gero eta arazo gehiago badituzte ere, jaialdiak beste behin egitarau interesgarria dakar, gaur gaueko Mirage Teatro-ren «Quijotadas» lana, kasu. Goizez, arratsaldez zein gauez, bertara hurbiltzen denak antzerkiz eta umorez blaitzeko abagunea izango du emanaldi ugariekin.

Bueltan da, herri ekimen batetik abiatuta, Arabako jaialdi arrakastatsuenetakoa, Araiako Umore Antzerki Jaialdia. Gaurtik hasiko da 21. edizio hau eta hamabi kale zein oholtzako antzezlan eta ikuskizunek irri eragingo diete bertako herritar zein bisitariei. 21. urtea du Javier Alkorta, Txortas, araiarrak zuzendari lanean ere, urrun geratu den 1994. urtean Porpol Teatro konpainian ari zela, Araian antzerki jaialdia sortzea otu ostean. Dozena bat antzezpen, eta 20 emanaldi izango dira orotara, gaur jaialdia ofizialki inauguratuko duen Mirage Teatro-ren «Quijotadas» obra barne. «Egitarautik deigarriena eta bereziena da, dudarik gabe», nabarmendu du Alkortak. Antzezlanean parte hartzen duten pertsonak ez dira berez aktoreak, Madrilgo Lavapies kalean Mirage Teatrok egindako etorkinentzako antzerki-tailer batean baitu jatorria. Taldea osatzen zuten Saharaz hegoaldeko pertsona hauen drama kontatzen du istorioak, baina umorea ardatz hartuta: «Batzuek Melillako hesia gainditu dute eta beste batzuk pateran iritsi dira... bakoitzak bere kontakizuna du, zein baino zein gogorragoa eta zailagoa».

Kontatzeko orduan, On Kixoteren istorioa hartzen dute erreferentzia eta paralelismo gisa. Emaitza «horren txundigarria» izan da, Alkortak dioenez, ezen Madrilgo Teatro Españolen mailako antzokira heldu baitira lan horrekin, baita La Casa Encendida edo Circulo de Bellas Artes-era ere, biak ere Madrilgo areto garrantzitsuak, edota Bilbo eta Barakaldoko Act Festivalera. Nola bukatu du orduan «benetako drama» denak umorezko antzerki jaialdi batean? «Azkenean `On Kixote' umorezko eleberri satiriko bat da, eta hauek ere umorea erabiltzen dute kontatzeko, barre egiten dute euren tragediez». Gezurra badirudi ere, antzezlanean «benetan pasarte barregarriak daude», aitortu du Alkortak, lehen aldiz ikustean liluratuta geratu zela gehituta. «Batzuetan ikusleak barre egiten du, baina ez daki zehazki zergatik, tragedia oso gogorrak baitira», aipatu du berak ere harrituta. Barrearen dohainetako bat izango da, itsas hondotik ateratako flotagailu bat bezala, bizitzari berriz heltzeko indarra ematen duen barrenetik ateratako irribarre, batzuetan, zergatik ez, zentzugabeak, bezala. «Umore antzerki jaialdi batean egoteko umore maila baduelako dago egitarauan, baina batez ere, kontatu beharreko istorioak direlako, ezagutu beharrekoak». Bere aburuz, nahiz eta istorioak ezagutu, alderdi humanotik oso urrun gaude denak: «Beraiekin gurutzatzen gara eta gutxitan dugu gogoan atzean familia bat utzi dutela -salatu du- Beraz, alderdi gizatiar hori dauka, niri pertsonalki istorioa beste ikuspegi batetik ikusten lagundu zidana, umorea ere bai, eta haiek beren istorioa lehen pertsonan kontatzeak duen karga berezia», laburbildu du. «Zeharo hunkigarria da». Gaur gauean baino ez dira izango.

Aitzitik, «Mama Gallina» lanaren emanaldi bat baino gehiago eskainiko dute Pez Limbo konpainiakoek. Iaz ere parte hartuak dira, eta joan den urteko edizioan bezala, telefono bat jarri dute eskuragarri hitzordua eskatzeko, leku oso mugatua dutelako eta oso antzezlan laburrak direlako, 15 bat minutu ingurukoak. Aldiz, iaz ez bezala, aurten kokapena ez da aldez aurreko sekretua izango, nahiz eta zehatz jakiteko deitu beharra izango den. «Lan oso surrealista da, ginekologora joaten den emakume haurdun bati buruzkoa», azaldu du Alkortak gehiago zehaztu gabe. «Berezitasuna hurbiltasuna da, aktoreak hor bertan daude eta horiekiko harremana oso zuzena da».

Bihar antzeztuko den «Cabaret Chihuahua»-k, ostera, umore garratza du ezaugarri: «Kritika soziala duen gauza oso ganberro eta ausarta da. Oso lotsagabea baina oso ondo egina», deskribatu du Alkortak. Larunbatean, Teatro Meridional-ek «QFWFQ Una historia del universo» antzezlana eskainiko du, eta honek Italo Calvino idazle kubatarraren «Las cosmicómicas» bilduman du oinarria: «Interpretazio miresgarria eta testu zoragarria ditu». 15 urte inguru antzezten daramaten obra da.

Azken egunean, berriz, «jostailu oso fresko eta atsegina» den lana ikusi ahal izango da: Primital Brothers-en «El experimento». Musikarekin uztartuta, «ikusteko erraza eta atsegina» da. Antzerki obra garrantzitsuena ez dela esan du Alkortak kasu honetan, «Baina bidea ematen du benetan ondo abesten duten lau tipo oholtzan ikusteko publikoarekin elkarreraginean». Egun berean, antzerki ikasleen «Antzerki Fisikoko Lantegia» hurbiletik ikusteko aukera izango da. Aurretik egitarauan ez datorren «Historia txikiak» deituriko interbentzio laburrak egingo dituzte herriko espazioak erabiliz.

IRRI EGITEA GARESTITZEN ARI DA AZKEN URTEOTAN

«2003. urteko ia aurrekontu bera dugu jaialdia aurrera ateratzeko», aitortu du jaialdiko zuzendariak. Aurrera egiteko dirua, beraz, mantendu da, baina ez BEZa -orduko erosteko ahalmena %5 murriztu duena, bost puntu hazi baita- eta KPI kontsumo prezioen indizea, ordutik hona %29 hazi dena. Igaro diren hamaika urte hauetan Araiako jaialdiaren irribarrea eragiteko gaitasuna, aldapan gora egitea bezala, zailtzen joan da. Hori urtetik urtera gero eta izen handiagoa hartzen ari den jaialdia izanik. «Kale egiten ez duen jaialdi bat egiten ari gara urtero, 21 urte hauetan zehar jendeak hutsik egin ez dion jaialdi bat, baina %30 txikitu den aurrekontuarekin». Hori dela-eta, nekea nabaritzen hasi da antolatzaileen artean: «Azkenean horren pisua bizkar batzuen gainera dator». Esate baterako, egun irudiarekin zerikusia izanik ere nahitaezkoa ez dena baztertu egiten da, Alkortak azaldu duenez. «Badakigu lehentasunak daudela, baina jardun beharko genukeen mailaren azpitik ari gara lanean ekipo osoa, eta kulturak bere lekua behar du». Horrez gain, orduan jasotzen zuten diru-laguntza orain baino %50 handiagoa zen. 21 urte hauetan zehar nekea pilatzen doala eta hori nabaritu egiten dela esan du Alkortak, nahiz eta jaialdia bertan behera uztea ez duten pentsatu. «Uste dut agerian utzi dugula jaialdiak duen maila eta gure energia, eta egin, egin daitekeela». A.G.

Honi buruzko guztia: Udate