Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Abdul-Jabbarren azken «sky hook» magistrala

Kareem Abdul-Jabbar saskibaloiaren mito bizi bat da. NBAko inoizko saskiratzaile onena, estiloa baino sinadura propioa zuen sky hook gantxoaren maisua izan da. Michael Johnsonen irribarre eta Michael Jordanen jauzi hegalariarekin batera, bere-berea zuen sky hook-arekin zaleen logela pila bat dekoratu dituena.

Harlemen hazi zen, New York-eko auzo beltz eta pobreenetarikoan. «Mutil txarren artean okerrena ni izan nintekeen», esan zuen aspaldi. Gang edo bandetan ez zuen parte hartu, polizien kontrako istiluak ez zituen zuzenean bizi, baina ondo gogoan zuen beti bere jatorria. Bazekien zein zen, nondik zetorren eta zeintzuk ziren bere komunitatearen beharrizanak. Politikoki eta sozialki engaiatua beti, Malcolm X-en biografia irakurri eta hura inspirazio iturri hartuta, izena aldatu zuen. Eta ongi merezitako ospea beti erabili du bere ideia politikoak eta bere azterketak zabaltzeko.

Munduan gehien saltzen den «Time» aldizkari estatubatuarrean argitara eman duen iritzi artikulu batek hautsak harrotu ditu oraingoan. «The Coming Race War Won't Be About Race» zinez gomendatzen dudan pieza bat da. Zehatza, zorrotza, ikuspegi berriak irekitzen dituena. Ederra benetan.

Eta eskertzen da berak daukan autoritate posizio horretatik hain argi hitz egitea. Fergusonen, besoak altxatuta, desarmatuta, hil duten gazte beltzaren harira, arrazismo sistematiko bat baino, klase borroka aipatzea. Modan ez dagoen arren, mila esker klase sozialaz hitz egiteagatik, pobreziaz; boteredunek, %1 famatu horrek, jende xumea nola banatu eta azpiratzen duen gogorarazteagatik. Poliziaren basakeria azalaren kolorean baino Ebolaren moduko beste gaixotasun sozial batean oinarritua dagoelako: pobrezian.

Arrazoi du: pobreziaren mailapean bizi diren 50 milioi estatubatuarrek antolatu eta helburu komunen alde bat egin behar dute. Denak batera eta aldi berean boteredunen saloietan txistua botatzeko ados jarriko balira, justua zatekeen uholde batek eramango lukeelako ustelkeria hori guztia.