Amalur Artola
Udate

Manos K Rien, entzuten ez duenari ere artea helarazten

Gorren komunitateak ere artea bizi eta gozatu dezan orain bost urte Donostian sortutako elkartea da Manos K Rien. Egunotan buru-belarri sartuta dabiltza aurten hirugarrenez ospatuko duten Zeinu Hizkuntzen Arte Jaialdiaren prestaketa lanetan; entzumen urritasuna dutenek sortutako artea gizarte osoarentzat izan dadila nahi dute.

Artea ikus daiteke, entzun, ukitu, zenbaitetan baita usaindu ere, baina, batez ere, sentitu egiten da. Hori ongi baino hobeto dakite Donostiako Manos K Rien elkarteko kideek: bost urte daramate entzumen arazoak dituzten edota gorrak diren pertsonek arterako sarbidea izan dezatela bideratzen eta, egun, buru-belarri dabiltza urrirako prestatzen ari diren Zeinu Hizkuntzen III. Arte Jaialdiaren antolaketa lanetan. Horretaz eta, batez ere, gorren komunitateak ere artea bizi eta goza dezan egunez egun egiten duten lanaz aritu gara Donostiako Erdialdean duten egoitzan.

Elkartea Gipuzkoako Gorren Elkartearen barruan sortu zen orain bost urte eta egoitzan bertan dute euren txokoa, sotoan. Eskailerak jaitsita, kolorez -eta trastez- jositako gela batean egin digute harrera, irribarretsu, elkarteko bost ordezkarik. Nonahi ageri dira kabareteko luma gorridun fularrak, Erdi Aroko mozorroak, atrezzorako materiala, era, kolore eta mota guztietako txanoak... Eta haien erdian tartea eginda -eta interprete baten laguntzaz-, kontatu digute elkartea gorrek kulturarako sarbidea izan zezaten sortu zutela, baina baita euren komunitatearen eta gizarteko gainerako kideen arteko zubi-lana egiteko ere.

«Hamlet» edo lehen harria

Gorren komunitateari bideratutako eskaintza kulturala eskasa dela iritzita eurek zerbait sortu behar zutela erabaki eta klasiko bat hartu zuten begian orain urte batzuk: Shakespeareren «Hamlet». Hura izan zen zeinu hizkuntzan antzeztu zuten lehen obra eta gerora sortuko zuten jaialdiaren lehen harria jarri zuena. «Pertsona gorren munduan mimoa oso zabaldua izan da eta Manuel bera ere [elkarrizketatuetako bat] mimolari handia izana da. `Hamlet' estreinatu genuenean arrakasta handia izan zuen eta bide horretan jarraitzea erabaki genuen, baina arlo gehiago landuz; poesia, film laburrak, dantza, musika... Pertsona entzuleek duten arte sorreraren pareko zerbait eskaini nahi genuen». Hala sortu zuten, esate baterako, «Bebes Robados» abestia: «Paco Vela abeslariari eskatu genion egiteko, talde honetako kide batek harremana duelako gaiarekin, eta entzule batek gidatzen gintuela egin genuen ikuskizuna, guretzat erritmoa jarraitzea oso zaila litzatekeelako bestela. Abestia zeinu hizkuntzan eman genuen Lugaritzen, eta jendeari asko gustatu zitzaion, emozioz negarrez amaitu zuenik ere egon zen», oroitu dute.

Esku artean beti dutela zerbait diote, ez direla geldirik egotekoak, eta hala sortu dituzte antzerki obra mordo bat, poesia emanaldiak, eta baita rapak ere. Data esanguratsuetarako -San Tomas, inauteriak, Gabonak...- beti dute zerbait prestatuta eta Euskal Herritik kanpo ere aritu dira, Madril, Burgos edota Avilesen esaterako. Orain, Zeinu Hizkuntzen III. Arte Jaialdiaren prestaketa lanetan dabiltza eta, aitortu dutenez, nerbioak airean dituztela daude: «Urduri ez, oso urduri gaude!», azaldu dute, barrez, ia bostek batera. Aurreko urteetako esperientziekin akordatzean hartzen dute sosegua: «Jende asko etorri zen eskaintzeko zer genuen ikustera eta hori guretzat oso pozgarria izan zen. Are gehiago, jendea oso pozik atera zen, baita pertsona entzuleak ere, eta hori inportantea da guretzat. Manos K Rien-en helburu nagusia integrazioa da; jaialdi hau ez da soilik pertsona gorrentzako, gure ekintza guztiak dira entzuleentzat egokituak, denentzat irisgarriak izan daitezen».

Hirugarren edizio honetan ere gauzak horrela izan daitezen nahi dute eta egitarau zabala osatu dute horretarako. Jaialdiaren zutoina film laburren lehiaketa izango da. «Deialdi bat egiten dugu sortzaileek euren laburrak bidal ditzaten eta aurten jaso ditugunen artean zortzi hautatu ditugu», azaldu dute. Horien artean Bartzelona, Malaga, Alacant edota Madriletik proposatutako laburrak daude, baita Manos K Rien elkarteko kide Manuel Gerekaren «Go!» lana ere. Lan horien artean garailea hiru pertsona gor eta bi entzulek (Asier Hernandez eta Edith Alonso aktoreak) osatutako epaimahaiak hautatuko du. Film laburrez gainera jaialdiak elkarteko kideek prestaturiko denetariko sormen lanak hartuko ditu: «Piscina» umore esketxa, «Recuerdos» eta «Azul&Rosa» poesia emanaldiak, «Era M.J.» dantza ikuskizuna, eta Arymux artistarekin batera osatutako «Let's Jazz» keinu-dantza eta «Kilp klap» koreografia. Azken honetan elkarteko gaztetxoek Michael Jacksonen «Thriller» sonatuaren bertsioa aurkeztuko dute.

Jaialdia antolatzeko lanean urte osoa ematen dutela azaldu dute: «Iazkoa amaitu eta hurrengo hilabetean hasi ginen aurtengoa antolatzen, ideiak biltzen, nola egin pentsatzen... eta urtarrila-otsaila aldera topera aritzen gara jada. Batzordean gutxi garen arren jende askok hartzen du parte jaialdian, guztiek boluntario bezala gainera, eta horiekin batera aritzen gara». Batzuek aurretik artearen mundua ezagututakoak badira ere, gehienek lehen esperientzia jaialdian izaten dutela diote, pertsona gorrentzat ez delako erraza artearen munduan murgiltzea. «Mimoarekin bai, hor badago mugimendua, baina bestela... ez da erraza. Entzuleen mundu batean ezin dugu aktore gisa parte hartu, adibidez, baina badugu sortu eta antzezteko gaitasuna». Mugak sortzaile zein kultura kontsumitzaile gisa dituztela gaineratu dute: «Ez dugu entzuten, eta ez da egoten itzultzailerik. Egunkarietan maiz ikusten ditugu ikuskizun interesgarriak eta ezin gara joan, ez genukeelako zer gertatzen den jarraituko». Irtenbidea erraza dela uste dute, gehienetan zeinu hizkuntzako interpretea jartzearekin edota azpitituluekin konponduko litzatekeelako, «baina ez da egiten. Eta horrek, maiz, gertatzen denetik kanpo uzten gaitu. `Ocho apellidos vascos' azpitituluak egiteko eskatu dugu, adibidez, sekulako kuriositatea dugulako... baina ez dugu erantzunik jaso ere egin».

Hala, urriko jaialdia bezalako lanabesak erabilita, sentsibilitatea lantzen eta entzule eta ez entzuleen arteko zubi-lana egiten jarraituko dutela ziurtatu dute.

IKUSKIZUNAK

Ekitaldi nagusia film laburren lehiaketa izango bada ere, mimoak, poesia, dantza eta bestelako arte adierazpenek ere izango dute lekurik.

INFORMAZIOA

Jaialdira joateko gonbidapena gizarte osoari helarazten diote, ez bakarrik gorren komunitateari. Informazio gehiagorako: «http://manoskrien.blogspot.com»

Honi buruzko guztia: Udate