GARA

Sidenorren izandako istripu bateko erantzunkizunak argitzeko eskatu du LABek

Gizarte Segurantzak eta Osalanek osatutako txosten batek urtarrilean Gerdau-Sidenor lantegian jazotako istripua segurtasun faltak eragin zuela frogatzen du, LABen esanetan. Hori dela eta, erantzukizunak argitzeko eta txostenak jasotzen duen zigorra betearazteko eskatu du.

Joan den urtarrilaren 8an Basauriko Gerdau Sidenor enpresan gertatutako lan istripuaren gainean Gizarte Segurantzak eta Osalanek osatutako txostena jaso du LAB sindikatuak. Idazkiak istripuan segurtasun faltarekin lotutako arrazoiak eta erantzukizunak agertzen ditu, sindikatuak ohar bidez azaldu zuenez.

Istripuan 53 urteko azpikontratutako langile bat hil zen, koadro elektriko batera erori eta elektrokutatuta. LABek adierazi zuenez, Osalanek eta Gizarte Segurantzak egindako ikerketaren ondorioekin bat egiten du, «inplikatutako enpresetako prozedurak bete izan balira, istripu hau, gehientsuenen antzera», saihestu zitekeela nabarmenduta.

Gerdau, Cesinel Ingenieria, Pine Instalaciones y Montajes eta Argilan SAL dira ezbeharrean inplikatutako enpresak; LABen hitzetan, prozedurak betearazi ez zituztenak. «Ondorioa langile baten heriotza izan zen», azpimarratu zuen.

«Prozedura ez betetze horiek, ia beti gertatzen den bezala, lan edo konponketak amaitzeko estutasunak direnean gertatzen dira, ekoizpenari ahalik eta azkarren berrekiteko helburuarekin», adierazi zuen LABek. Kasu honetan, kaltetutako langilea azpikontratatua izanik babes falta nabarmenagoa dela gaineratu zuen, «lehenengo «aginduak bete eta gero betetzen baitira txekeorako zerrendak».

Prestazioen errekargua

Osalanek eta Gizarte Segurantzak txostena publiko egin ostean, Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailari dagokio hori bere egitea eta inplikatutako enpresentzat proposatzen diren sei arau-hauste aktak berrestea.

LABek pauso hori emateko eta proposatutako prestazioen errekargua -Gizarte Segurantzako prestazioen %50- inposatzeko eskatu dio Lakuako Gobernuari.