www.bizibiziki.com
UDATE BETE | Bizibizikiren proposamena: Zubi saltoa

Adrenalina jauzia

Norbere burua gainditzeko, sentsazio berriak probatzeko, emozioak askatzeko edota besterik gabe esperientzia berri bat bizitzeko aukeratzen ohi du jendeak zubi saltoa. Abenturazko kirol aski ezaguna dugu, ikusgarria zein zirraragarria, Euskal Herrian bertan hainbat tokitan egin dezakeguna.

Gehienek gaztelaniaz moldatutako anglizismoa den puenting izenez ezagutzen badute ere, euskaraz, zubi saltoa edo zubi jauzia hitzak erabiltzen dira kirol jarduera hau izendatzeko. Funtsean, eskaladako soka bat arnes bati lotu eta horrekin zubi batetik behera salto egitea da kontua, beste muturra zubiari ondo lotu ondoren. Ausardia baino, sentsazio biziak izateko nahia eduki behar da abenturazko ekintza hau probatzeko. Gehienbat gazte jendea erakartzen badu ere, zubi jauzia edonork egin dezake, ez baitu gaitasun fisiko berezirik eskatzen.

Euskal Herrian hogeita bost urte inguruko eskarmentua dugu kirol modalitate honetan, turismo aktiboko enpresa desberdinetako profesional espezializatuen laguntzarekin esperientzia ahaztezina bizitzeko aukera dugu. Inguru Abentura enpresako lagunek azaldu diguten bezalaxe, soken muntaia kulunka erraldoi baten antzekoa da, hau da, zubiaren albo batean tinko lotzen dira sokak eta beste aldetik egiten da salto. Horrela, sokek ez dute inolaz ere bat-bateko tiraldirik jasaten, ezta materiala hondatzen ere.

Izan ere, segurtasuna funtsezkoa da ekintza hau burutu ahal izateko. Gidarien profesionaltasunak, seriotasunak eta gaitasunak ekintza fidagarria dela sentiaraziko digu momentu oro. Segurtasun neurri guztiak bermatuak daude beti eta, hortaz, ez dago zertan kezkatu. Jauzilariek arnes oso bat eramaten dute, gorputz, gerri eta bularrari eusten diena. Gainera, segurtasun kaskoa ere ezinbestekoa da eta erabiltzen diren sokak eskaladako soka dinamikoak dira, erabileraren arabera aldizka berritzen direnak. Jauzia soka batekin egin ordez, goma elastiko batekin ere egin daiteke, goming deritzon jauzi mota hala nola. Noski, horrek bestelako zirrara eragiten du, goma elastikoaren ondorioz boteka yo-yo baten antzera ibiltzen baita jauzilaria.

Orokorrean jauzi egiteko bi modu daudela esan dezakegu, aurrerantz edota bizkarrez. Lehendabizikoan, lurrera begira jarriko gara, bularraldetik eta hanketatik lotuta. Lurreratu baino lehen hanketako lotura sistema askatu egiten da. Bigarren aukera, bizkarrez zubira begira jauzi egitea da, bularraldetik soilik lotuta eta hankak aske daudelarik. Inguru Abenturako gidarien ustez, posizio honetan hartzen dugun abiaduraz eta jaisten ditugun metroez kontzienteagoak izango gara. Nolanahi ere, hutsunera jauzi egiteko momentuan barrutik izugarrizko zurrunbiloa erneko zaigu beti guztioi: aurpegia zurbil, sabelean taupadak, bihotza arrapaladan, ileak tente... Adrenalina gainezka. Jauzi egin, sokak luzatu eta, bat-batean, jaso egiten gaituzte, kulunkatzen, lurretik urruntzen eta zerura eramaten. Den-dena, segundo gutxi batzuetan pilaturik.

Horrenbestez, errespetua eta artegatasuna dira kirol hau egiteko oztopo nagusiak, eta aldi berean, funtsezko sentsazioak. Egoera horietan urduritasuna sentitzen dugu eta senezko kezka horri aurre egiteak zirrara sortzen digu gizakioi. Esperientzia hezigarria da. Batetik, senak paralizatu egiten gaitu, salto egitea eragozten digu. Baina, bestetik, gure arrazoimenak, segurua dela gogorarazten digu, gozagarria. Jende askok salto egin duela badakigu, gure aurretik salto egiten duten lagunen poztasun aurpegiek argi erakusten dute ongizate sentsazio hori.

Zubi aukera anitza

Bizibizikiko txoko honetan, adibide gisa, Euskal Herrian zubi saltoa egiteko bi leku gomendatuko ditugu: Nafarroako Zuñiga herrian kokatzen den Arquijaseko zubia eta Ondarroako Atxaspi zubia. Arquijasekotik antzinako Trenbide Eusko-Nafarra igarotzen zen eta natur ingurune zoragarri batean aurkitzen da, paisaia ikusgarriz inguratuta. 12 metroko jauzia da, estilo klasikoko arkuen artean. Atxaspiko zubiak, aldiz, 40 metroko altuera du eta jauzia 20 metrokoa da, arrokak alde batera eta itsaslabarra bestera. Lekeitio eta Ondarroa lotzen dituen errepidearen gainean jauzi «garbia» eta Arquijasekoa baino leunagoa egin daiteke.