GARA

Tentsioa apur bat baretuta, irailean bilduko dira Cata eta Bizkaiko Aldundia

Egunotan Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Catarekiko mesfidantza agertu badu ere, irailean bi aldeen arteko lehen bilera egingo dela jakinarazi zuen atzo Aldundiak, Edesaren etorkizuna argitze aldera.

Abuztuko oporraldia bukatuta, Cata Fagor Etxetresnak enpresaren jabe berriak eta Bizkaiko Aldundiak lehen bilera egingo dute. Atzo Aldundiko iturriek jakinarazi zutenez, iraileko lehen egunetan izango da Catako ordezkarien eta Bizkaiko Aldundikoaren arteko bilera, enpresa katalanak Edesarekiko daukan plangintza argitzeko asmoz.

Catak aurreratu duenez, bere helburua Edesari buruz egindako eskaintzaren inguruko xehetasunak argitzea da, Aldundiko arduradunekin Basauriko lantegiaren «etorkizuna adostuz».

Zehazki, Catak aurkeztutako eskaintzan sartutako azken hobekuntzak 65 langile egotea proposatzen zuen. Lantalde honek lehenengo urtean zehar galdara, berogailu eta termoen ekoizpenari ekitea da asmoa. Hurrengo urteetan langile kopurua 81, 89 eta 98 pertsonara igoko dela gaineratzen du hasierako planteamenduak.

Argibide eske

Edesako langileak eta Bizkaiko Aldundia mesfidati agertu dira, ordea, Cataren proposamenaren aurrean. Horren adierazle dira Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak egindako adierazpenak abuztuaren 25ean bilerarik egingo ez zela baieztatuz eta Cataren hitzak itxurakeria zirela aipatuz.

Hurrengo egunetan tentsioa baretu zuen Bilbaok bilera egingo zela aitortu zuenean eta enpresa martxan jartzeko borondatea berretsi zuenean. Betiere, Catari Edesarekiko eta bere langileekiko duen asmoa argitzeko eskatu ostean.