Manex ALTUNA
UDATE | Bilboko Aste Nagusia. Jaietako musikari adi

«Baskitoek» ere dantzan egiten al dute Julio Iglesiasen semearen doinuekin?

Festa, musika, alkohola. Bokatak, pizzak eta DJak. Gautxoriek Areatzako txosnetan nahi dutena aurkitu dezakete. Garai batean 80ko hamarkadako kantuak nagusi ziren guneetan udako kantua bilakatu den «Bailando» eta «Una loche loca» doinuen errepikapena hainbat aldiz entzun duenik bada. Aro berria izan daiteke; gustu txarra, beste batzuentzat. Anitzak dira konpartsen estiloak, aldarrikapena, tradizioa, umorea eta lizunkeria tartekatzen direlarik gau zoroetan.

Aste Nagusian txosnetan entzuten den musikak zer esan eman du sare sozialetan. Whatsapp-en zabaldutako muntaia batean Julio Iglesiasen aurpegia agertzen da. Profident irribarre zuria ahoan, gafapastak, eta behatzarekin seinalatuz, Uncle Sam estiloan, horrela dio: «Tu, vasquito!!! Vas a bailar la canción de mi hijo y lo sabes!!!».

Udako kantua bilakatu da Enrique eta Sean Paul jamaikarraren abestia.

Gutxi batzuek jakingo dute ordea, kantua ez dela berea. «Bailando» entzutetsuaren jatorria Kuban dago. Descemer Bueno eta Gente de Zona taldekoek ezagun egin zuten Karibeko irlan lehendabizi. Arrakasta ikusita kantua «erosi» diete Miamin. Iglesias junior eta jamaikarra jarri eta boom!! denak beraien erritmora. Kanta originalak Youtube-n dituen bisita kopuruak eta bertsioaren arteko konparaketa egiteak hausnarketarako ematen du. Behintzat hauek ez dute Shakirak bezala ezkutatu. AEBetako epaile batek dioenez «Loca» kantua plagio bat baita.

Horrela dago mundua eta Bilboko Areatza ere gero eta zoroago dabil doinuen aldetik. 80ko hamarkadako kantuek hit sonatuenak izaten jarraitzen dute, baina aro berria iristen ari da txosnagunera. Modernismoak eta «mainstream»-aren indarrak gero eta eragin handiagoa dute belaunaldi berrietan. Diotenez, Txori Barroteko txosnan Camela entzun izan da.

DJak, hip hop erritmoak. Eskaintza gero eta zabalagoa da eta antolatzen diren kontzertuetan nabaritzen da. Horren lekuko, Las Tea Party osatzen duten DJ emakume bikoteak eta Gosek ostiral gauean eskaini behar zuten emanaldia. Bad Sound System irundarrak Kaixo konpartsaren txosnaren ondoan, Arriaga parean, izan ziren asteazkenean «Builaka, builaka» jendea saltoka jarriz. Pablo Hasel rap abeslaria berriz, txosnarik txukunenaren saria jaso duen Otxarkoagako Pa... Ya konpartsaren txosnan izan zen.

Kaska festa

Kaskagorrikoak, esaterako, 25 urte bete dituztela ospatzen ari dira. Adin nagusiak dagoeneko eta Piraten «edozer dugu posible» leloari buelta bat emanez Euskal Herriko abeslari esanguratsuenetako batzuk elkartu zituzten urteurren festan. Udala Bilduk gobernatzen ez duela kontuan hartuta meritua are handiagoa da. Izagirre eta Garitano falta ziren asteleheneko akelarrean, Areso edo bere oinordekoak agertzea ez dago oraindik aurreikusita.

Doctor Deseo, Gatibu, Esne Beltza, Gose, Vendetta, Siroka, Hesian, Itziarren Semeak, Patrol Destroyers... talde ugaritako abeslariak batu ziren Izerdi Gorriak gidatutako kontzertuan. Eta su artifizialen aurretik, traka nagusia heldu zen Fermin Muguruza komandantearekin. «Kolore bizia», «Gora Herria» eta Panoramix-en edabe magikoa hartzen duen konpartsaren urteurren kanta bukatzeko. I

Irungo musikariak Elkartasun keinuak ekimenarekin jarraitu zuen festa Txorin. DZ, Xabi Solano eta beste musikari batzuen laguntzarekin. Jendetza erakarri zuen txosnara, maitasun handiarekin zerbitzatzen dituzten txupito bereziek bezalaxe.

Ordu berean Zopilotes Txirriaos taldea Komantxe konpartsaren agertokian zegoen. Naparmex-aren «hooligan» andana batu ziren Konejoren istorioak entzuteko. Trago eta dantza artean, «Siete mares» kanta heldu zen eta bertan irakurtzen den gutuna idatzi duen Naiara Mallabia preso ohia taula gainera igo zen beraiekin batera. Bizkaiko golforen batek ere bere tartea egitea lortu zuen.

Asteazkeneko zita musikala berriz, eguerdian abiatu zen Algara konpartsak antolaturiko Iparraldeko egunean. Herri bazkariak musikari ugari elkartu zituen. Belako edo Lisabokoak beste askoren artean. Kantaldia berriz, Erramun Martikorenak, Jean Mixel Bedaxagarrek eta Mixel Etxekoparrek gidatu zuten. Modernitatea, doinu berriak eta musika tradizionala batera mahai berean jesarrita. Patxaran dosia igo ahala giroa berotu ohi da eta Anje Duhalde ere animatu zen beraiekin «Eperra» kantatzera. Iparraldeko «exotismoarekin» jarraituz, Aire Ahizpak entzuteko aukera izan zen. Urepeleko hiru ahizpa, Xalbador bertsolariaren ilobak, Bilbo zapaltzen zuten lehen aldian.

Desira eta lizunkeria

Gaua abailtzearekin bat, desira eta lizunkerietarako gogoa pizten da. Bilbon hori maisutasunez irudikatzen duenik badago, Francis Diez da. El Deseo del Doctor edo beste era batera esanda, Doctor Deseo taldea formatu txikian hainbat lagunekin -Asier Kiriketa, Xanpe PiLT taldeko bateria ohia edo David Nanclares gitarrista- taularatuta, berotu zen asteazken gaua.

Kaskagorriko dorretik zintzilikatuz eman zion akelarreari hasiera Francisek. Taulatura igo eta «Desde Santurce a Bilbao...» abestu zuen. Segituan Eskorbutoren punk doinuak sartu zituzten, «Somos ratas de Bizkaia» ozen entzuten zelarik. Gero RIP taldearen «Enamorado de la muerte». Omenaldi berezia. Taldearen kanta zaharrak ere gogoan izan zituzten. «Corazon de tango»-rekin ileak puntan, baina batez ere sutan jarri zuten Arriagako atzealdea «Darle a fuego a Bilbao» eta «Morirse en Bilbao» abestuz. Publiko guztiak taldearekin bat egin zuen kantuan hiriaren ereserki ofizialak izango balira bezala. Orgasmoa «La chica del Batzoki»-rekin eta Las Vulpes taldearen «Me gusta zer una zorra» kantatuz iritsi zen, Francisek buelta erdia eman eta ipurtzuloan atzamarra sartzeko keinua egiten zuen bitartean.