GARA

Diputazioak alardearen arazoari aurre egiteko eskatu dio Hondarribiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak alardearen inguruan «arazo bat» dagoela onartzeko eskatu dio Hondarribiko Udalari. Era berean, konponbideak bilatzeko jarrera aktiboa har dezala esan dio, «ahots guztiei arreta jarriz» eta denak kontuan hartuz.

Gipuzkoako Aldundiak Hondarribiko Udalari herrian ospatzen duten alardearen inguruan sortzen den arazoa onartu dezala eskatu zion atzo, jakinarazpen baten bidez. Egoera horri «aurre egitea» ere eskatu zion, horretarako «ahots guztiei arreta jarriz».

Igorritako mezuan, erakundeak Udalari eskatu dio «konponbideen aldeko jarrera aktiboa» har dezala, emakumeek alarde bateratu batean soldadu moduan parte hartu ahal izateko.

Diputazioaren arabera, hondarribitarren %72k dio udalerrian gatazka bat dagoela eta horri konponbide bat eman behar zaiola, alarde baten edo bestearen aldeko argumentuak kontuan izan gabe. «Lakuako gobernuak egindako ikerketa soziologiko batek dio Hondarribiko herritarren %43k emakumeak alardean parte hartzea ahalbidetuko lukeen formula bat osatzea nahi dutela», aipatzen du komunikatuan.

Alde horretatik, beste datu batzuk ere gehitu ditu Aldundiak: «%54k instituzio publikoek konponbideak bilatzeko jarrera aktiboa izatea eskatzen du, eta %84k egungo alardearen inguruko sentimendu txarrak ditu: tristura, lotsa, nazka, haserrea. %16 besterik ez dago pozik egungo egoerarekin».

Datu horiek ikusirik, instituzioak uste du udal gobernuak bi jarrera izan ditzakeela, gatazka bat dagoela ezeztatzen jarraitzea eta herritarren ahotsak desagerraraztea eta ezkutatzea, edo jarrera ausart bat hartzea eta konponbideak bilatzeko bidean paper aktibo bat hartzea. «Azken bide horretan elkarrekin joango gara eskutik. Ahalik eta gehiena egingo dugu elkarrekin konponbideak bilatzeko. Diputazioak legealdi osoa darama zentzu honetan Arartekoarekin eta Lakuako gobernuarekin lanean», nabarmendu du Aldundiak.