Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Tortura konprenigarria

Sumario bitan -369/2008 eta 285/2010 zenbakidunetan- auzipetutako hamabost euskal herritarrek prozesamendu autoak jaso dituzte. Ez da albiste bitxia. Ezta auzipetuek polizia etxean torturak jasan zituztela salatu izana ere. Ez da bitxia ohikoa delako.

Tortura aitortza bat lortzeko tresna da. Baita mendeku edo larderia tresna ere. Betiere, ez-legitimoa, eta munduko estatu gehienetan, legez kontrakoa -Israelen, esate baterako, ez-. Hala ere, estatu gehienek erabiltzen dute; batzuek, maiz, oso maiz. Herritarrek badakite, eta estatuak jakin dezaten nahi du, funtzio larderiatsua horretan datza-eta, baina ukatu egiten du. Batzuetan, tortura erabili duela aitortu beharra izaten du, zenbait urteren buruan; oraindik orain Barack Obamak egin duen bezala.

Estatu espainoleko gobernuek ere behin baino gehiagotan aitortu dute, epaitegiek torturatzaileren bat zigortu duten bakanetan. Horrelakoetan, aspaldiko kontua eta salbuespena zela azaldu izan dute. Eta segituan, polizia etxeetatik tortura erauzteko borondatea erakusteko, torturatzaileak indultatu dituzte. Estatu espainolean tortura salaketak torturatuaren erruduntasunaren froga gisa erabiltzera iritsi dira. Eta atxilotuak polizia aldra baten erdian baina bakarrean egindako deklarazioak nahikoa frogatzat onartu izan dituzte epaileek auzipetuak zigortzeko.

Torturak ikaratu egiten du iritzi publikoa; hala ere, torturatua gizakia ez denean, deabrua (irakur «terrorista», verbi gratia) denean, giza eskubideak bermatzea eginkizun nagusia duenak giza eskubideak urratzea konprenigarriagoa gertatzen zaie askori.

Sumario bi horietan auzipetutako hamabost euskal herritar horiek ez dira «terroristak», ez komatxo artean ez komatxo barik, Gobernuak, galdekatu zituzten poliziek eta auzipetu zituen epaileak ondo dakitenez. Nolanahi ere, ez dago gauza zitalagorik horiek -edonor- «terroristak» balira, jasan zuten tortura zuritu daitekeela pentsatzea baino.