Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Bodyboarda

Arica Chilean Challenge 2014: Amaury Lavernhe txapeldun eta Alex Uranga bikain

Munduko APB bodyboard zirkuituak aurrera jarraitzen du. Itzuliko hirugarren txapelketa Amaury Lavernhek irabazi du Txilen, eta, horrela, munduko ranking orokorrean lehen postua ere eskuratu du. Alex Uranga seigarren postuan da Arican hirugarren geratu ostean. Datozen orduetan jakingo da Teahupooko txapela nork eskuratzen duen.

Munduko APB Bodyboard itzuliko hirugarren txapelketa Amaury Lavernhe, Reunion uharteetako bodyboard zaleak irabazi zuen. Pasa den abuztuaren 22an amaitu zen Txileko Arica eskualdean egin zuten txapelketa. Alex Uranga zumaiarra ere han zen, eta, bikain aritu zen, hirugarren postua eskuratu baitzuen sekulako txapelketa egin ostean.

Surfean ASP zirkuitu gisa ezaguna dena, bodyboard modalitatean IBA (International Bodyboard Association) izenez ezagutzen zen orain gutxi arte. Aurtengoan, baina, ez dago mundu mailako zirkuitu ofizialik, arrazoi desberdinak medio, tartean krisi ekonomikoa, IBA erakundeak antolatzen zuen munduko zirkuitua bertan behera geratu baita. Horren ordez Association of Professional Bodyboarders erakundea da lehen egiten ziren goi mailako txapelketa ofizial guztiak antolatzen ari dena.

Beraz, orain APB izena du goi mailako zirkuituak eta lehen egiten ziren munduko txapelketa garrantzitsuenak erakunde honek antolatzen ditu. Gauzak honela, lehen mailan jada hiru dira egin diren munduko txapelketak, lehena, urtero bezala, Pipelinen izan zen (Hawaii), bigarrena Brasilen izan zen (Itacoatiara), eta, hirugarrena, azkenik, Txilen izan da (Arica).

Bi metroko olatu ederrak izan ziren azken egunean Arican, eta lehiakideek mota guztietako ariketak egiteko aukera izan zuten, aireko desberdinak eta tubo ederrak tartean. Finalean, Amaury Lavernhe eta Pierre-Lous Costes izan ziren buruz buru. Guilherme Tamega kaleratu behar izan zuen Lavernhek finalera iristeko, eta, Costesek, berriz, Alex Uranga.

Lavernhe eta Costes munduko txapeldun ohiak dira, izan ere, Lavernhe munduko txapelduna izan zen 2010. urtean, eta Costesek 2011. urtean lortu zuen titulu mundiala. Beraz, punta-puntako lehiakideak izan ziren Aricako finalean.

Lehia gogorra izan zen txapelketako azken txandan, bi lehiakideek euren onena eman zuten-eta. Zirraragarria izan zen Lavernhe eta Costesek finalean eskaini zuten ikuskizuna. Airekoak eta tuboak egin zituzten bi lehiakideek, puntuazio altuak lortu zituzten eta azken momentura arte borrokan aritu ziren.

Costes nagusi izan zen finalak iraun zuen ia denbora osoan, ez zion batera erraza jarri bere arerioari garaipena, izan ere, hiru minuturen faltan 9,75 puntuko olatu bat behar zuen Lavernhek txapela eskuratzeko. Baina, une horretan, ia ezinezkoa zirudiena gertatu zen: Lavernhek olatu bat hartu, air reverse garbi batekin amaitu, hamarreko bat eskuratu eta txapela irabazi zuen. Guztia oso azkar gertatu zen.

Hirugarren postuan, berriz, Guilherme Tamega brasildarra eta Alex Uranga zumaiarra geratu ziren. Txanda guztiak irabazi ostean iritsi zen Alex Uranga finalerdietara. Bidean, Mike Stewart bezalako lehiakide beteranoak kaleratu behar izan zituen, bikain aritu zen, eta, horrela, aurrera egin ahal izan zuen.

Finalerdietan Pierre Luis Costes frantsesa izan zuen arerio Urangak; behin eta berriz parean izaten duen lehiakidea, alegia. Batzuetan bata gailentzen da, eta, beste batzuetan, bestea; beraz, ongi ezagutzen dute elkar bi lehiakideek. Iaz, esaterako, Costes izan zen Zumaian egin zen bodyboard txapelketako irabazlea; pasa den martxoan, aldiz, Uranga nagusitu zen elkarren arteko lehian Nazaren (Portugal).

Martxoan Portugalen egin zen Sumol Nazare 2014 txapelketan, gainera, Txilen finalean izan diren bi lehiakideak garaitu zituen Urangak; beraz, punta-puntan dabil zumaiarra. Txilen, ordea, ez zuen Costes menperatzea lortu Urangak, eta, hala, finalera iristeko aukera galdu zuen.

Indartsu hasi zuen aurtengo denboraldia Alex Uranga zumaiarrak; Pipelinen bikain aritu zen, finalerdietara iritsi zen, eta Brasilen ere final laurdenetan izan zen. Tartean, maila gutxiagokoa izan arren, garrantzi handikoa izan zen txapelketa irabazi zuen Portugalen, eta, orain, Arican lortu duen hirugarren postuari esker, APBko rankingean seigarren postuan dago.

APB zirkuituko hurrengo txapelketa ere Txilen izango da, Aricatik behera hegoaldean, Antofagasta eskualdean. Munduko bodyboard zale onenak bertan bilduko dira abuztuaren 26tik aurrera egingo den munduko txapelketako proban parte hartzeko.