Jon GARMENDIA Idazlea
Udate

Distantzian

Arratsaldeko bostak, karrikak jendez gainezka, eta ia 40 graduko tenperatura. Tipo bat ikusi duzu bere etxe atarian, eta kuriositatea piztu dizu; 60 urte inguruko gizon betaurrekoduna da, sakelatik zapi bat atera eta kopetako izerdia lehortzen hasi da, beste eskuan erratza dauka, eta haren gainean pausatuta, autoei beha ageri da. «Bon Jour, monsieur Arrambide», erran dio paretik pasatzean 15 urteko mutil horail batek, eta gizonak bere begietara hurbildu ditu betaurrekoak hatz batekin, mutila xehetasun handiagoz ikusteko, baina ez du ezagutu, edo behintzat, ezaguna ote duen zalantza ukan du, gazteak «Je suis le neveu a Lafitte» erran dion arte. François Lafitten biloba da nerabea, Arrambideren ttipidaniko laguna. Irribarre egin du orduan gure gizonak, erratza paretaren kontra bota eta besarkada estu bat eman dio gazteari. Azkenekoz ikusi zuenetik denbora asko pasa dela aitortu dio, eta izugarri hazi dela denbora horretan, jadanik, gizon bat iduri duela. Berantago, bere aitatxi nola dabilen galdegin dio, erretretak eskaini dion denbora ongi profitatzen ote duen, eta amatxi zer moduz dabilen ere eskatu dio, osasun arazoak gainditu dituen jakin nahian. Hizketaldiak labur iraun du, eta agurtzean, Lafitte senar-emazteei bere goraintziak eta desira ederrenak helarazteko eskatu dio Arrambide jaunak. Ez dira elkarrengandik urrun bizi, 500 metrora edo, baina zuk, kontinente batek bereizten dituela erranen zenuke elkarrizketa entzun ondotik. Aitatxi eta amatxiren etxean sartzen ikusi duzu biloba gero, eta honek, agur musuak eskaini bezain laster Arrambide jaunarekin egon dela kontatu die; orduan, aitatxik, Arrambide zer moduz ikusi duen galdegin dio, osasun onik sumatu ote dion, eta azkenik, haren etxetik pasatzen den hurren aldian beren desira ederrenak helarazteko eskatu dio bilobari.

Honi buruzko guztia: Udate