Xole ARAMENDI
Udate

Euskal zinema inoiz baino ageriago

Zinemaldiko, EITBko eta Lakuako Kultura saileko arduradunak pozarren daude. Baita ekoizleak ere. Aurtengo Zinemaldiak inoiz baino leiho handiagoa irekiko dio Euskal Herrian egindako zinemari eta euskaraz, gainera. Ia sail guztietan ikusi ahal izango da euskal zinemagile baten lanen bat eta horrek ikusgarritasun handia ematen dio bertako ekoizpenari, baita gure mugetatik kanpo ere. Baina ekoizleen elkarteetako ordezkariak kezkatuta agertu dira azken bizpahiru urteetan sektoreak izan duen diru murrizketarekin.

Hogeita bost urte dira euskarazko filma bat Sail Ofizialean lehiatzen ez dela. Aurten Jose Mari Goenagaren eta Jon Garañoren «Loreak» lana izango da bertan. Sail berean, nahiz lehiaketatik kanpo izan, Pablo Maloren «Lasa eta Zabala» ikusi ahal izango da. Zabaltegin ere bost euskal zinemagileren lanak eskainiko dira. Batetik, «El negociador», Borja Cobeagarena, eta «Dixie eta matxinada zombia», Ricardo Ramonek eta Beñat Beitiak zuzendua. Horiekin batera, Kimuak katalogoko hiru lan ikusiko dira Zabaltegin: Koldo Almandozen «Hubert le Blonen azken hegaldia», Asier Altunaren «Soroa» eta Aitor Arregiren «Zarautzen erosi zuen». Zuzendari Berrien atalari dagokionez, Roberto Gastonen «Los tontos y los estúpidos» eskainiko da.

Sail nagusiez gain, euskal zinemagintzari eskainitako sailean, Zinemiran -seigarren urtea du aurten-, beste sei lan ikus ahal izango dira; «Ateak zabalduz» (Juanmi Gutierrez), «Five days to dance» (Rafa Moleres, Pepe Andreu), «I am Haiti», (Raul de la Fuente), «Lantanda» (Gorka Gamarra), «Notak mugimenduan» (Oskar Tejedor), eta «Bizi seinaleak: Nestor Basterretxea» dira hautatutako lanak. Horietatik bi, «I Am Haiti» eta «Lantanda», mundu mailako estreinaldiak dira.

Culinary Cinema atalean, berriz, «Nerua, un viaje a la esencia» (Ivan Minambres) eta «Txipirones en su tinta» (Xabier Gutierrez) ikusiko dira.

Guztira, hamar euskal ekoizpen eskainiko dira aurtengo Zinemaldian. Eta horietatik bederatzi dira erabat edo zatiren batean euskarazkoak. Hauetariko batzuk -gutxienez %20 euskal ekoizpena duten lanak, eta beti ere mundu mailako estreinaldiak direnak- Irizar enpresak eskaintzen duen 20.000 euroko sarira aurkeztuko dira. Denera sei film.

Nabarmentzekoa da Zinema Euskaraz sail berria. Bertan, familia osoari zuzendutako zazpi lan eskainiko dira, denak euskarara bikoiztuak. Horrez gain, euskarazko azpitituludun filmak ikus ahal izango dira sail desberdinetan, 26 guztira.

Irailaren 22an ospatuko da Euskal Zinemaren Eguna eta Pedro Oleak jasoko du Zinemira saria. Era horretan, Ibaia-k, Euskal Produktoreen Elkarteak eta Zinemaldiak zuzendari bilbotarraren ibilbidea sarituko dute. «Akelarre», «Bandera negra», «El maestro de esgrima», «Morirás en Chafarinas», «Más allá del jardín» eta «Tiempo de tormenta» filmak zuzendu ditu, besteak beste. Dokumentalak ere egin zituen.

Olearekin batera, 62. edizio honetan gogoan izango dira azken hilabeteotan hildako Javier Ibarretxe, Nestor Basterretxea eta Alex Angulo.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak aurten euskal ekoizpenek erakutsi duten kalitatea nabarmendu zuen atzoko agerraldian. «Euskal zinemaren eta euskaraz egindako zinemaren presentzia oso zabala izango da aurtengo edizioan. Ni Zinemaldian nagoenetik oso gutxitan aurkitu ditugu maila honetako euskal pelikulak. Aukeraketa Batzordearen ametsa Sail Ofizialerako euskal filmak aurkitzea da. Nahikoa meritu ez duten izenburuak nazioarteko maila hori duen sailean sartzeak ez dio inolako mesederik egiten; aldiz, kalterako da. Aurten pozarren gaude», aitortu zuen.

Zinemirak munduaren errealitatea islatzen duelakoan dago. «Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta kreoleraz hitz egiten da. Euskal ekoizpenarekin Euskal Herrian zein atzerrian filmatutako lanak dira», adierazi zuen.

Esker ona agertu zien mahaian alboan eserita zituenei. «Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, EITB eta ekoizleen bi elkarteekin erabateko sintonia dugu. Bidelagun ditugu».

Cristina Uriarte Kultura sailburuaren esanetan, nekez aurki daiteke «Zinemaldia baino plataforma egokiagorik euskal zinemari nazioarteko zabalkundea emateko». Halaxe adierazi zuen atzo egindako agerraldian.

Andoni Aranburu EITBko estrategia zuzendariaren esanetan, 2014a urte onena izan da EITBrentzat. «Horren lekuko, Zinemaldian egongo diren zazpi izenburu, EITBk finantzatutakoak», esan zuen.

Portela: «argi gorria piztu behar dugu»

Aurtengo edizioari dagokionez, bere poza adierazi zuen Joxe Portelak, Ibaia ekoiztetxe independenteen elkarteko orkezkariak. «Guretzat garrantzitsua da Zinemaldian egotea. Baina ez dugu nahi gure presentzia Zinemira sailera muga dadin. Aurten gure ekoizpena ia sail guztietan ikusiko da; gainera, euskaraz», esan zuen prentsaurrekoan.

«Duela hamar urte euskal zinemaren ekoizpena ia ez zen existitzen eta Zinemaldian zuen presentzia testimoniala zen. Kopuruan zein kalitatean gora egin du», gogoratu zuen.

Baina aurrera begira kezkati agertu zen. «Argi gorria piztu behar dugu aurtengoak jarraipena izan dezan nahi badugu», ohartarazi zuen.

«Aurten ikusiko diren proiektuak duela bizpahiru urte abiatu ziren. Eta hori ez da kasualitatez gertatu. ETBren parte hartze aktiboa eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura arloko dirulaguntzak izan dira gakoa. Kontua da beherakada nabaria izan dela bi arlo hauetan».

Datuak garbiak dira: «Gaur egungo laguntzak duela lau urtekoen erdia dira. Hemen bakarrik ez, Madrilen ere antzekoa da egoera», gaineratu zuen.

EITBko zein Lakuako arduradunek badute ekoizleen kezkaren berri. «Ados daude, baina diru gehiago behar dute horretarako», argitu zuen. Portelaren hitzetan, egia bada egoera ekonomikoa hobera doala hori igarri egin behar du kulturak. «Lehen galdutakoa berreskuratu egin behar du. Beti galtzaile da kultura. Egoera ekonomikoa ona zen garaietan kultura arloko diru partidak ez ziren beste sail batzuetakoak bezainbeste igo zoritxarrez eta krisi garaian, noski, gehiago nabaritu du kulturak».

Zenbakiak eman zituen. «2005etik hona EAEko aurrekontu orokorra %43.53 igo da. Aldiz, Kultura Sailaren aurrekontua %31.13; 12 puntu gutxiago. ETBri begiratuz, %1.18 igo da», nabarmendu zuen.

Bere ustez, hitzetatik ekintzetara pasa beharra dago. «Finantzaketa egonkorra duen telebista publikoa behar dugu. Eta erakunde autonomo bat sortu behar da kultur eta ikus-entzunezko politikak gara ditzan, horretarako beharrezkoa den finantzaketarekin».

Gasteizko Gobernuari eta alderdi politikoei deialdia egin zien «kontsentsua lor dezaten hartu beharreko neurrien inguruan. Kultura ez dezatela politikoki erabili elkarri jaurtitzeko arma bezala», eskatu zuen.

Gauzak horrela, zaila ikusten du aurten Zinemaldian erakutsiko den uzta errepikatzea. «Ez da urtero gertatuko. Azken urteotan film gutxiago eta aurrekontu murritzagoekin ari dira egiten. Eta dokumentalak dira nagusi, fikzioak diru gehiago eskatzen duelako. ETBk ere ez du fikziorik egiten», adierazi zion agerraldiaren ondoren GARAri.

X.A.

Honi buruzko guztia: Udate