UDATE BETE | Bizibizikiren proposamena: Martxa nordikoa

Gorputza astintzeko jarduera

Natura, jarduera osasuntsua, aisialdia eta turismo aktiboa oso lotuta dauden kontzeptuak dira martxa nordikoari buruz hitz egiten dugunean. Oinez ibiltzea baino askoz harantzago doan jarduera da, onura anitzak dituena eta edozein pertsonak egin dezakeena.

Martxa nordikoa edo Nordic Walking Europa iparraldean oso zabalduta dagoen jarduera fisiko mota da. Pasa den mendeko 30eko hamarkadan Finlandian sortu zela diote; iraupen eskia uda garaian praktikatu ezinik, makilak erabiliz antzeko kirol bat moldatzea bururatu zitzaien. Pixkanaka mundu osoan zabaltzen eta garatzen joan da, teknifikazio maila handia lortu arte. Izan ere, 1997. urtera arte ez ziren modalitate honetan erabiltzen diren makila espezifikoak kaleratu. Euskal Herrian azken lau urteotan hasi da nabarmentzen eta ezagutzen martxa nordikoa eta jada Euskadiko Nordic Walking Fitness Elkartea (ENWE) ere badago, Espainiako Nordic Walking Federakuntzaren barruan kokatzen dena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibiltariak biltzen ditu eta bertako zuzendaria Xabier Madina da. Beraz, esan daiteke ez dela paseko kirol modalitate bat, gure artean gelditzeko etorri da dudarik gabe. Eta senderismoarekin gertatzen den bezalaxe, martxa nordikoak aukera mordoa eskaintzen ditu turismo aktiboan.

Bi makilaren laguntza bakarrarekin, hirian, mendian edota hondartzan egin daitekeen diziplina da. Ez du adin mugarik ezartzen, eta gure mugikortasuna areagotzeko jarduera bikaina da. Martxa nordikoan aritzeko bi makila berezi behar dira, mendian ibiltzeko erabiltzen direnak baino arinagoak, eta berariazko teknika ikastea beharrezkoa da. Bi elementu horiei esker, martxa arruntean erabiltzen ez diren hainbat gihar-talde lantzen dira, batik bat beso, bizkar, sorbalda eta bularrekoak. Gainera, egiten den kalorien erreketa nahiko handia da eta pisua gorputzean zehar banatzen laguntzen du. Xabier Madinaren esanetan, martxa nordikoa «ez da korrika egitea, baina ibiltzea baino gehiago da, ez dauka lasterka egitearen kontraindikaziorik eta osasun arazoak dauzkatenei benetan onuragarria suertatuko zaie kirol honetan jardutea».

Horren gakoa kirol jarduera honen teknika berezia da, ALFA 247 deritzona. Madinak teknika hau irakatsi ahal izateko formazio maila gorena eskuratu du, ALFA Coach titulua hain zuzen. Modu errazean azaltzeko, lau kontzeptutan laburtu daiteke ALFA teknika: zuzen ibili, besoak luze mantendu, makilekin hirukia osatu eta urratsa egokitu. Mugimendu zuzena eta makilak ondo erabiltzen hasteko ezinbestekoa da bizkarrezurra zuzen mantentzea. Modu honetan, bultzada fasea aurrera eginez eta besoak luzatuz osatzen da, sorbaldaren eta gerriaren arteko kontra-errotazio funtzionala areagotuz. Gainera, makilek lurrarekiko 60 gradu inguruko angelua osatu beharko dute. Azkenik, ez da ez urrats handirik ez txikirik eman behar, pertsona bakoitzaren mugimenduaren zabaltasunera egokitu behar dira.

Mugarik gabeko jarduera

Edozein adineko pertsonak egin dezakeen kirol ekintza izateaz gain, martxa nordikoa edonon egin daitekeen kirol bat da. Hirian, mendian zein hondartzan antola ditzakegu ibilaldiak, eta aukera aniztasun hori ordainezina da. Makilak hartu eta etxetik atera, besterik ez da behar. Hala, naturaz zein ingurune urbanoez modu lasaian disfrutatu nahi dutenentzat primerako jarduera da, baita turismo aktiboko aukera oso interesgarria ere. Herri bat, ingurune natural bat edota helburu turistiko zabalago bat modu desberdin batean bisitatu nahi dutenentzat martxa nordikoa aukera ezin hobea da.

Dena den, oraindik jarduera honen hedapena eta ezagutza gure gizartean zabaltzea garrantzitsua da, eta horretan Euskadiko Nordic Walking Elkartea lan bikaina egiten ari da. Hilero hainbat ikastaro, hitzaldi zein irteera antolatzen dituzte publiko zabalari zuzenduta. Dagoeneko 600 pertsonak eta gehiagok hartu du parte hastapen ikastaroetan. Hiru orduko saioa nahikoa izaten da hasiberria den norbaitek oinarrizko kontzeptuak bereganatzeko eta praktikan jarri ahal izateko. Jarduera osasungarria izateaz gain, taldean ondo pasatzeko plan bikaina da martxa nordikoa. Animatu eta astindu makilak!

Informazioa

Euskadiko Nordic Walking Elkartea (www.nordicwalkingeuskadi.net)

Hurrengo ikastaroak:

- Irailak 12 (16:30-19:30) eta irailak 27 (10:00-13:00): Donostiako Miramon

Irteerak eta ekitaldiak:

-Irailak 13: Egun osoko irteera-ibilaldia, Araia-La Leze-Araia (Araba).

- Irailak 20: Irteera-ibilaldia Najeratik Santo Domingo de la Calzadara (Errioxa).

- Irailak 28: Nordic Walking Martxa Solidarioa Donostian, Aspanogi elkarteak antolatuta.