Nagore BELASTEGI
UDATE BETE

Naturaren arnasgunea, festaren egoitza egun batez

Donostiak badu txoko bat Nafarroan, eta hori Artikutza da. Donostiarrek goizuetarrei txantxak egiteko balioko duen aitzakia izango da seguru, baina gauzak argitu ditzagun: Artikutza Goizuetan dago kokatuta, nahiz eta lurra Donostiak erosi zuen 1919an, eta horregatik zergak udalerri nafarrari ordaintzen dizkiote.

San Agustin eguna zela-eta, inguruko herrietako jende ugari gerturatu zen bertara, basozainaren etxolatik aurrera dauden sei kilometroak autoz egiteko aukera dagoela jakinda. Ingurunea zaintzeko asmoz, urteko egun horretan bakarrik dago ibilgailuentzako sarbidea zabalik. Atzo, beraz, naturaren soinurik ez zen ageri. Auto eta motoak etengabe ari ziren batetik bestera bertaratutako ehunka pertsonen artean. Gazte kuadrillak eta familiak pixkanaka iristen joan ziren, behe lainoak gora egitearekin batera.

Jana eta edana ez ziren falta; taloak eta pintxoak, eta postuetan, gainera, euskal pastela. Artisauek ere euren txokoa izan zuten, ibaiaren alde batean. Bestean, berriz, espresuki zabaldutako bi tabernak mendizaleen egarria lasaitzen saiatzen ziren, batzuek oinez egin baitzuten ibilbide osoa. Bazen bizikletaz edota zaldiz gerturatu zenik ere, bakoitza bere estiloan...

12.00 inguruan urteko nobedadeari hasiera eman zitzaion, alegia, pilotako pasaka modalitateko partiduari: Oiartzundik Zabala eta Lasa aritu ziren Eskudero eta Esnal buruntzatarren aurka. Ia desagertuta dagoen eta Donostiako Udala sustatzen saiatzen den modalitate honen berezitasuna da kantxa erdian tenis zelaietan dagoen bezalako sarea dagoela. Pilotariek eskuarekin jotzen dute pilota eta sarearen gainetik pasatu behar dute. Jasotzean lehenengo edo bigarren botean kolpatu behar dute, botea atzeko paretan izan daitekeelarik. Pilotan jokatzeko modu honi buruz ezer ez zekitenei atentzioa emango zien beste gauza bat da puntuazioaren berri ematen zuenak tantoak abestu egiten zituela.

Arratsalderako, «Wazemank» umorezko telebista saioan agertzen zen «Dayola» ogitarteko famatua jan izan balute bezala alkondara txorizo koipez zikinduta zuten batzuk ikustea ez zen zaila, uniforme ederra Beñat Gaztelumendi eta Jon Martinen bertso saioa ikusteko. Ondoren, 18.00etan, herri kirol erakustaldia izan zen eta 20.00etatik aurrera, dantzaldia.

Babes gehiago

Donostiako alkatea, Juan Karlos Izagirre, hiriaren ordezkari den heinean ezin zen falta. Taloa eskuan zuela harrapatu genuen, Ataungo langile finek minoz egindakoa. Amaitu aurretik, ahoa beteta zuela, bi emakumeren hitz ederrak eskertu zituen.

«Gaurkoa ondo pasatzeko eguna da», onartu zuen Izagirrek. Eta hala zen, bai, Donostiako, Goizuetako eta beste herri askotako jendea bildu baitzen. Urteroko topaleku bat dela esan dezakegu. «Horretaz aparte, Artikutza ezagutzeko aukera paregabea da. Paraje hau zoragarria da, altxor bat esango nuke», aipatu zuen pozik. Era berean, aukera aprobetxatu zuen gogoratzeko une honetan Artikutzak Natura 2000 Sareko Batasunaren Intereseko Lekua izendapena duela, baina Donostiako udala aspaldian dabilela lanean Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dezaten. «Badirudi Europak aurten emango diola izendapen hori. Eta hori oso albiste ona da ekosistemari beste babes handiago bat emango diolako».

Udalaren helburua da Artikutzaren ondarea, historia eta kultura berreskuratzea eta horretarako ikerketa lanak egiten ari da. «Atzo Sakanan izan nintzen egin berri duten ibilbide pedagogiko batean. Bertan, itsasontziak egiteko haritzetatik enborrak nola ateratzen dituzten erakusten dute [Donostia 2016 proiektuaren barruan eraikitzen ari diren «San Juan» baleontziarekin zerikusia zuen bisita horrek] eta horrek balio du gure ondarearen, kulturaren eta historiaren zati bat berreskuratzeko. Artikutzak ere badauka arlo horretan zer eman».

Beraz, San Agustin egunaren ospakizuna aitzakia bat bada ere, Artikutzara beste edozein egunetan joatera animatu zuen jendea Izagirrek, erromeria ondo pasatzeko ez ezik ingurua ezagutzera emateko bide bat ere bada-eta. Honelako naturaren arnasguneak bere baitan, apaingarririk gabe, gozatzea nahiago dutenek, gaurtik datorren abuztuaren 28ra arte Artikutzaren ateak zabalik aurkituko dituzte, hori bai, ez dute onartuko kea botatzen duen ibilgailurik. Jantzi zapatilak eta arropa erosoa.