Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Neurria

Esan gabe doa helburuak behar bezala kokatzea ezinbestekoa dela politikan. Eta helmugara iristeko zenbat falta den jakiteko, tarteko neurriak jarri behar izaten dira. Gauza bakoitzak badu bere neurria. Zein da joko politikoarena?

Eraginkortasun politikoa izan beharko litzateke politikan gauzak neurtzeko neurria. Logikoa dirudi, baina ez dirudi beti hala izaten denik. Gainontzeko irizpideak joko politikoan jokatzeko baliagarriak izan litezke, baina soilik horretarako. Eta, adi, politikaz ari bainaiz eta ez ideologiaz edo proiektu politikoaz. Helburuak lortzeko jokoaz baizik.

Bada, ordea, azken boladan eztabaida politikoak neurtzeko erabiltzen den beste neurri bat: labela: nor den autentikoena, puruena. Benetakotasun abertzalea nork duen, batetik; nork benetakotasun iraultzailea, bestetik.

Azken batean, eztabaida osoa esentzietara murrizten da. Eta barkatuko didazue, baina esentzien lurrinak ito egiten du. Mozkorraldi horretan sarri errealitatearen pertzepzioa galdu egiten dela ere esango nuke.

Politikan bi akats handi daudelakoan nago: tresnak eta helburuak nahastea, bata. Jarrerak helburuen aurretik lehenestea da bestea. Baina joko politikoaren albo-kalteak dira hauek. Helburuak lortzeko subjektibitate batzuk sortzen baitira, identitate kolektiboak indartu eta kultura politiko oso bat eratuz.

Bada politikan beste akats handi bat, heriotza politikoa eragin lezakeena: porrotak onartzen ez jakitea, errua beti besteari egoztea. Bisio politiko eskasaren ondorioa. Azken batean, «estetika» bat bizitzeko modu bilakatzen da. Engaiamenduak indartzeko identitateak sustatzen dira, baina porrotaren ostean estrategia egokitu eta aldaketa kulturalak eman beharra dagoenean, kontraesanak eta erresistentziak sortzen dira, normala den bezala.

Zaila izaten da aldaketa horiek ematea, pertsonoi gure konfort eremutik ateratzea edo erosotasunari uko egitea asko kostatzen baitzaigu, baina horiek ezin dira ikuspuntu dialektikoari helduz aurrera egiteko oztopo bilakatu. Esentziari helduta biziko bagina, hilda geundekeelako eta behin ibiltzen hasita, kontraesanak sortzen direlako. Eta horiek beharrezkoak dira nahiz eta sarri beldurra diegun.

Kontraesanen itsasoan jokatzea ere bada joko politikoa eta, beraz, bere neurria ere eraginkortasun politikoa izan behar litzateke, zurruntasun ideologikotik egindako diseinu politikoek zuzenean hormaren kontra baikaramatzate, praktika politikoak behin eta berriz erakutsi digunez.