GARA DONOSTIA

Azken hogei urteotan ia bikoiztu egin da emakumeen enplegua Euskal Herrian

Lan Harremanen Kontseiluak emandako datuen arabera, azken bi hamarkadotan %84 igo da lanpostua duten emakumezkoen kopurua. Denbora tarte berean, berriz, enpleguak %1,6 egin du gora. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkio datuok.

Kopuru orokorrak begiratuz, bestalde, 1993an lana zutenen %33,1 baino ez ziren emakumezkoak. Ordutik, baina, egoera parekatuz joan da, eta, hala, 2013an, %46,3 zen langile emakumeen portzentajea.

Ildo berean, jaitsi egin dira bai langabezian zeuden emakumezkoen kopurua bai portzentajea. Horrela, duela hogei urte %34,4 zen langabezia tasa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko emakumezkoen artean, eta, iaz, aldiz, %14,1ekoa. Beste modu batera adierazita, lanik ez duten emakumezkoen portzentajeak %42,6 egin du behera aipatutako bi hamarkada horietan, betiere Lan Harremanen Kontseiluak emandako informazioaren arabera.

Datu orokor hori positiboa bada ere, berau aztertzerakoan alde ilun ugari ageri dira. Esate baterako, behin-behinekotasunak eragin berezia du emakumezkoen artean. Hala, lanean dauden emakumeen %24,7k behin-behineko kontratuak dituzte; gizonekoen artean, aldiz, %18,8 dira behin-behineko kontratuak dituztenak.

Soldata izanagatik kontraturik gabe lan egiten dutenen kopurua ere handiagoa da emakumeen artean, bereziki etxeko langileen egoera dela-eta. Ildo horretan, etxek0 lanetan aritzen diren emakumeen prekarietatea nabarmendu du Lan Harremanen Kontseiluak.