Amaia GARTZIA
Udate

Udan ere, motxila liburuz beteta

Kanpora joan ala ez, urtean zehar baino denbora libre gehiago izanik, asko dira oporrak liburuen orrialdetan murgiltzeko baliatzen dituztenak, liburu bat edo gehiago besapean hartuta. Liburu dendentzat ez da hori oharkabean igarotzen, eta, hala, salmenten igoera handia nabaritzen dute uda hasieran. Poltsikoko liburuak izaten dira erosleen kutunenak, edonora eramateko aproposak izanik liburu elektronikoekin ere lehiatzeko gai baitira. Izan ere, salmentei erreparatuta behintzat, liburu digitalek zail dute oraingoz paperezkoei aurre egitea.

Aisialdia liburuekin betetzeko joera nabaria da uda garaian, eta, gurean behintzat, jende askoren denbora librea irakurketarekin estuki lotuta dagoela errealitate bat da. Horrela, oporretako bisita turistikoek utzitako atseden tarteetarako, ohikoa da bainujantziaren ondoan liburu batentzat lekua gordetzea maletan. Letrak ere bidaide baitira. Hartara, aisialdirako aukerak ugaltzen diren garaiotan, liburuek ere izaten dute lekua. Horrela diote liburu dendek ere, irakurleek opor garaian liburu gehiago erosten dituztela aitortzen baitute, esku artean eta begi aurrean udako hilabeteotarako maitale bereziak nahiko balituzte legez.

Liburu denden arabera, poltsikoko liburuak dira preziatuenak udako hilabeteotan: arinak, erabilerrazak eta tamaina txikikoak. Edonora eramateko aukera ematen dutenak. Egileen artean, bestalde, aurten ez da izan eskari zehatzik, nahiz eta La Casa del Libro dendan aitortu digutenez, idazle baten heriotzak bere liburuen salmenta igotzen laguntzen duen. Adibidetzat, apirilean zendutako Gabriel Garcia Marquez idazlea nabarmendu dute.

Elkar liburu dendan, euskarazko fikziozko lan salduenen artean Bernardo Atxagaren «Nevadako egunak» aipatu digute: kronika gisa hasi eta eleberri izaten amaitzen duen liburua. Idazlearen Nevadako egonaldia du ardatz, 2007ko abuztutik 2008ko ekainera Atxagak izandako bizipen eta sentipenak. Ana Jakaren «Ez zen diruagatik» ere aipatu digute. Dolores Redondo idazleak Baztanen kokatutako trilogiaren «Zaindari ikusezina» liburua ere ezin ahaztu. Azken horren kasuan, gainera, gaztelerazko jatorrizko bertsioa ere salduenen artean dago Elkarren. Izan ere, Amaia Salazar inspektorea protagonistatzat duen trilogiako lehen bi entregak dira gaztelerazko lanik salduenak: lehen postuan «Legado en los huesos» trilogiako bigarren liburua dago, eta, bigarren postuan, «El guardián invisible» trilogia abiatu zuen lana. Ez da harritzekoa, joan den urteko urtarrilaren 15ean trilogiako lehen liburua publikatu zenetik (gazteleraz, euskaraz, katalanez eta galizieraz argitaratu zen aldi berean), beste hainbat hizkuntzetara ere itzuli baita liburu arrakastatsua, tartean, frantsesa, alemana, italiera, portugesa, nederlandera, turkiera...

Dagoeneko hamazazpi herrialdetan saldu dira idazle donostiarraren trilogia argitaratzeko eskubideak. Arrakastaren erakusgarri, liburuaren hamar berrargitarapen egin dira jada eta trilogia zinemara eramateko eskubideak erosi ditu NadCon Films enpresak. Stieg Larsson idazlearen «Millenium» trilogiaren zinema adaptazioan lan egindako Peter Nadermann bera ari da donostiarraren lana zinemara eramateko egitasmoan buru-belarri.

Euskarazko liburuen artean, Iban Zalduaren «Inon ez, inoiz ez», Danele Sarriugarteren «Erraiak» lehen eleberria eta Ana Malagon Zalduaren «Lasai, ez da ezer gertatzen» ere oso ondo saltzen ari dira Elkarren. Gaztelaniako lehen bi postuen ostean, berriz, gerraostean kokatutako Almudena Grandesen «Las tres bodas de Manolita» eta Julia Navarroren «Dispara, yo ya estoy muerto» daude. Fikziotik kanpo, aldiz, euskaraz abuztuko salduenen artean daude «Berbategitxoa. Arratiako berbetearen gitxieneko hiztegia» eta Koldo Zuazoren «Euskalkiak». Lehenengoak helburu didaktikoa du, eta Arratiako gazteei zuzenduta dago, bertako euskalkia ikas dezaten. Hirugarren postuan Marisol Bastidak bere senarra izandako Mikel Laboaren inguruan idatzitako lan biografikoa aurki daiteke: «Memoriak, Mikel Laboaren biografia bat». Gazteleraz, «Yo fui a EGB» (Javier Diaz eta Jorge Diaz), Rafael Santandreu psikologoaren «Las gafas de la felicidad» autolaguntzarako liburua eta sukaldaritzarekin lotutako Iban Yarzaren «Pan casero» liburua daude.

Garoa liburu dendan, ostera, Jean Echenoz dago euskal idazleen liburu salduenen zerrendaren buruan, gerrara doazen eskualde ezberdinetako lau lagun protagonista dituen «14» eleberriarekin. Liburu denda berean, indartsu agertzen da berriz ere Danele Sarriugarte idazlea, «Erraiak» bere eleberria baita bigarren euskal liburu salduena. Ostean, Hasier Larretxearen «Larremotzetik», Iolanda Zuñigaren «Post-it bizitzak» eta Lander Garroren «Gerra txikia» ageri dira zerrendan.

Gazteleraz gehien saldutako liburuak zeintzuk diren ere esan digute Garoako lagunek. Hain zuzen ere, Giuseppe Tornatoreren «La mejor oferta», Voltaireren «Candido» ipuin filosofikoa, Ben Brooksen «Lolito», Ignacio Martinez de Pisonen «La buena reputación» eta William M. Thackerayren «La historia de Samuel Titmarsh y el gran diamante Hoggarty» klasikoa aipatu dizkigute.

Liburu elektronikoak, apalago

Paperari aurre hartzea zail dute oraindik ere liburu elektronikoek. Batzuentzat erosoagoak izan arren -oporretara liburu bat baino eramateko aukera ematen dute maletan ia lekurik hartu gabe-, irakurle gehienek paperera jotzeko ohitura dute oraindik ere Elkar liburu dendan aitortu digutenez. Euskarazko lanen artean, bai Elkarren bai Garoan, paperean ere salduenen zerrendetan ageri den Danele Sarriugarte aipatu digute berriz ere. Bigarren lekuan, Aingeru Epaltzaren «Izan banintzen Nafarroako errege» eta Karmele Jaioren «Musika Airean» dira, hurrenez hurren, formatu elektronikoan irakurrienak.

Gaztelerazko liburu elektroniko salduenak zeintzuk diren ere jakin izan nahi dugu. Hala, arestian aipaturiko Julia Navarroren «Dispara, yo ya estoy muerto», Javier Serraren «El maestro del prado y las pinturas proféticas» eta J.K. Rowling idazle ingelesaren «Una vacante imprevista» aipatu dizkigute.

Danele Sarriugarte idazle gaztearen «Erraiak», gero eta ezagunago

Indartsu azaldu da Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) euskal literaturaren panoraman bere «Erraiak» liburuarekin. Bikote haustura mingarri bat abiapuntutzat duen eleberria publikatu eta azkar asko konkistatu ditu euskal liburu salduenen zerrendetako lehen postuak. Hizkuntza landua eta intentsitatea ditu ikur liburuak. Emakumezko baten ikuspuntua plazaratzen du haustura baten eta horretara iritsi aurreko bilakaeraren inguruko bakarrizketan, amorru egoera batean bizitzen dugun nolabaiteko isolamenduaren erakusgarri, bakoitzaren egoak besteen iritziak kontuan ez hartzera eramaten gaituzten egoerak islatuz. Horrez gain, umore eta ironia dosiak ere topatuko ditu irakurleak. Igartza saria jaso zuen 2012an eleberriaren proiektuak, eta liburuak aurtengo udaberrian ikusi zuen argia. Aurretik «Esku hori!» (Txalaparta, 2012) bilduman ipuin bat kaleratu zuen Sarriugartek, eta «Genero-ariketak» artikulu bilduman itzultzaile gisa ere aritu zen. Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna, Alemanian eta AEBetan ere ikasi du Sarriugartek. Egun, Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua masterra ikasten ari da. A.G.

Honi buruzko guztia: Udate