Asier AIESTARAN
MIMDUKO SOKATIRA TXAPELKETA

Euskal selekzioak bigarren dominarekin esan du agur

600 kiloko talde mistoak ere brontzezko domina eskuratu zuen igandeko azken jardunaldian.

Euskal selekzioak bere bigarren domina irabazi zuen igandean Madisonen (Wisconsin, AEB) jokatu zen Munduko Sokatira Txapelketaren azken jardunaldian. Berriz ere Basque Country izenpean eta ikurrina defendatuz, 600 kiloko proba mistoan lortu zuten tiralari euskaldunek bigarren brontzezko domina, larunbatean lortutakoari batu zitzaiona.

Proba mistoan zazpi herrialdek hartu zuten parte, multzo bakar bat osatuz: Hegoafrika, Suedia, Ingalaterra, Taiwan, Ameriketako Estatu Batuak, Basque Country eta Herbehereak. Sailkapen fasean hirugarren amaitu zuten euskaldunek, eta finalerdietan Herbehereak izan zituzten aurkari.

Norgehiagoka horretan ez zuten garaipena lortzerik izan, baina hirugarren posturako lehian, Ingalaterraren aurka, garaile irten zen Euskal Herria, 4,07 eta 1,17 minutuko iraupena izan zuten tiraldiak irabaziz. Azkenean urrezko domina Suediarentzat izan zen eta zilarrezkoa herbeheretarrentzat. Bezperan gertatu bezalaxe, euskaldunek majo gozatu zuten sari banaketan, ikurrina Suediako eta Herbehereetako banderen aldamenean ikusita.

Ondoren 23 urtez azpiko proben garaia iritsi zen, eta ongi aritu arren, euskaldunek ezin izan zuten dominarik lortu, tiralariek nekea ere nabaritu baitzuten lau egun gogorren ostean. Lehenik eta behin gizonezkoen txanda izan zen 600 kilotan. Mutriku, Gaztedi eta Goiherriko gazteekin osatutako selekzioak tiraldi ederrak egin zituen, baina azkenean bosgarren amaitu zuten sailkapen fasea, eta ez zuten lortu finalerdietarako txartela. Maila horretan urrezko domina Suitzarentzat izan zen, zilarrezkoa Suediarentzat eta brontzezkoa Alemaniarentzat.

Jardunaldiko azken probak emakumezkoen 500 kilokoa eta gizonezkoen 640koa izan ziren. Neskek bosgarren amaitu zuten lehen multzoan eta ezin izan zuten finalerdietan sartu. Urrea Taiwanentzat izan zen, zilarra Suediarentzat eta brontzea Suitzarentzat. Gizonezkoen 640koan euskal selekzioa finalerdietan sartzeko gai izan zen, baina Suitzaren aurka galdu zuen finala jokatzeko aukera. Hirugarren posturako lehian, berriz, Alemania izan zen aurkaria eta hor ere amore eman behar izan zuten Euskal Herriko tiralariek.

Uzta oparoa

Euskal Herriko sokatirarentzat historikoa izan den Munduko Txapelketa hau -berriz ere selekzio moduan lehiatu izan baitute euskaldunek- balantze oso onarekin amaitu da. Elkarteen arteko lehiaketan lau domina lortu dituzte, laurak Laukizko Gaztedi taldeak: urrezko bat, 600 kiloko mistoan, zilarrezko beste bat, emakumezkoen 500 kilotan, eta brontzezko bi, gizonezko 580 kilotan eta emakumezkoen 540 kilotan. Selekzio moduan, Euskal Herriak beste bi domina eskuratu ditu, biak brontzezkoak: gizonezkoen 580 kilotan eta 600 kiloko mistoan.