Idoia ERASO BAIONA

Uztaileko uholdeen kalteen datuek hondamendiaren larritasuna agerian utzi dute

Uztailaren 4an Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan izandako uholdeek utzitako kalteen datuak aurkeztu zituzten atzo Baionan. Hondamendiari aurre egiteko laguntza ezberdinak ezagutarazi zituzten.

Erakunde ezberdinek agerraldia egin zuten atzo Baionan, uztailaren 4an izandako uholdeek utzitako kalteen datuak aurkezteko. Komertzio eta Industria Ganbarak erran zuenez, 88 enpresa izan ziren kaltetuak, eta, horren ondorioz, 550 langilek eragin zuzenak jasan dituzte. Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbarak, berriz, 500 nekazarik uraren ondorioengatik uzta eta materialak galdu dituztela jakinarazi zuen. Nekazaritzako galerak bost milioi eurokoak izan dira. Azkenik, Lanbide eta Ofiziale Ganbarak 57 ofizialek 2.829.426 euro galdu dituztela kalkulatu du.

Kalte horiei guztiei aurre egiteko abian jarri diren baliabide ezberdinak aurkeztu zituzten atzo. Kontseilu Nagusiak 11 milioi euro inguru emanen ditu, uztailean onartu zuen kopurua behar izatekotan zerbait handituz. Horren ordaintzeko hogei urtera mailegu bat eskatu dutela azaldu zuen Georges Labazee presidenteak.

Kontseilu Nagusiaren laguntza jasoko duten eragile ekonomikoen artean Donibane Garaziko hiltegia aipatu zuen Labazeek, izan ere, aseguru etxeek ordaindutakoaz gain, 430.000 euro beharko ditu. Diru zama horri aurre egiten lagunduko dutela azaldu zuen Labazeek.

Diru laguntzak iturri ezberdinetatik ailegatu zaizkie kaltetuei. Horrela, Estatuak «nekazaritzako zorigaitza» eta «ofiziale zorigaitza» egoerak aitortu eta eremu jakin horietako enpresariei laguntza emango die. «Nekazaritza zorigaitzaren» txostena urriaren 9an onartuko da Parisen. Azkenik, Akitaniako Kontseiluak ere bere ekarpen ekonomikoa eginen du, baina kopuruak eta beharrak guztiz finkatuta izanen direnean eginen dutela azaldu zuen bertako arduradunak.