Idoia ERASO

Ziburuko ikastolari zazpi egun eman dizkio epaileak egungo egoitza uzteko

Paueko Administrazio Epaitegiak zazpi eguneko epea eman zion atzo Ziburuko ikastolari uneotan okupatzen duen Marinela auzoko gunea uzteko. Gunea ez badute uzten, egun bakoitzeko 100 euroko isuna izanen dute. Gaur hasiko da ofizialki ikasturtea, eta 12 haurrek «normaltasunez» hasiko dute ikastola. Herriko Etxeari elkarrizketarako deia egin diote Seaskatik, auzapeza mintzatzeko prest agertu da, baina herriko lurrik ez duela utziko baieztatu du.

Zazpi egun besterik ez ditu izango Ziburuko Kaskarotenea ikastolak ikasturtea pasatzeko toki bat aurkitzeko. Ostiralean Paueko Administrazio Epaitegian izan zen urgentziazko epaiketaren ondoren atzo ezagutu zen ebazpenak horrela adierazi baitu. Gainera, kanporatzea behartzeko neurria ere ezarri du, zazpi egun horietatik goiti ikastolak egun okupatzen duen gunean pasako lukeen egun bakoitzeko 100 euro ordaindu beharko lituzkeelako. «Kolpe gogorra da, esperantza genuen epaileak hurrengo bakantzak arte bederen utziko zigula gelditzen», adierazi zuen Laida Mujika ikastolako presidenteak.

Hala ere, gaur ikasturte hasiera «ohiko moduan, normaltasun osoz» egingo dutela erran zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. «Lehen astea han pasako dugu, eta, bitartean, Herriko Etxea deituko dugu konponbide bat bilatzeko», gaineratu zuen. Seaskak eta Kaskarotenea ikastolako gurasoek behin eta berriz egin izan diote aterabide bat atzemateko elkarrizketarako deia Guy Polou auzapezari.

Ebazpena ezagutu ondoren, auzapezak adierazi zuen orain «lasaitasunarekin» mintza daitekeela. Biltzeko aukerari buruz honakoa gaineratu zuen Polouk: «Seaskarekin hitz egiteko prest naiz, baina Herriko Etxearen lurretan ez den proposamen batendako».

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak helegiterik aurkeztuko duen ez du oraindik deliberatu. Ebazpen honen aurrean zer eginen duten erabakitzeko bart bilkura egin zuten Kaskarotenea ikastolako gurasoek eta Seaskako buruek. Arazoak arazo, ikastola mantentzeko erabakitasun handia agertu zuen Mujikak: «Ez zaigu burutik pasatu ere egiten ikastola hestea. Lortuko dugu!».

Konponbidea

Ebazpenaren ondoren gelditzen diren aterabideak ez dira anitz, eremu pribatuan toki bat aurkitzeak kostu handiegia baitu Lapurdiko kostaldean. «Udalari deia egingo diogu, eta, ez badago irtenbiderik, han segituko dugu», baieztatu zuen Gorostiagak.

Epaiaren ebazpenean erabakigarria izan omen da auzapezak epaitegira azken unean igorritako gutun bat. Ikastolak Marinelako gunea utzi ezean lanengatik izanen zen diru zama handia aipatzen zen bertan. Gainera, ikastolarik ezean bertako haurrak eskola publikoan hartzeko proposamena egiten zuen alkateak. Arrazoinamendu horrekin oso kritiko agertu dira federaziotik. Gorostiagak «lotsagarria eta onartezina» dela erran zuen, eta, Mujikak, honakoa azaldu zuen: «Hiru eredu daude eta guk gure hautua egin dugu. Badakigu ikastola dela euskalduntzen duen bakarra».

Ziburuko ikastola duela bi urte sortu zen Marinela auzoko Herriko Etxearen lurretan. Auzapezak, gerora beste gune batean tokia eginen ziela hitz eman zien orduan. Uztailean kontratua bukatu zelarik ikastolako gurasoek konponbiderik ezean tokia ez zutela utziko jakinarazi zuten. Handik kanporatzeko Pouluk lehen auzibide bat ezarri zuen Baionan, baina epaileak ez zuen ebazpenik eman.

Sostengu anitz jaso dituzte Seaskak eta Kaskaroteneak

Paueko Administrazio Epaitegiaren ebazpena ezagutu eta berehala sostengu ugari jasotzen hasi ziren bai Seaska bera bai Ziburuko ikastolako gurasoak. Twitterren berria zabaldu eta minutu gutxitara, Euskal Herria Bai koalizioak babesa agertu nahi izan zuen, «Ziburun ere ikastolaren beharra dugulakotz». Seaskaren Lagunak, Euskal Herrian Euskaraz eta Alternatiba alderdia izan ziren sostengua adierazi nahi izan zuten beste batzuk, erasoen aurrean «gogor» eusteko gomendioarekin. «Ikastola bat nahi dut Ziburun» esaldiarekin hainbat txio ere zabaldu ziren egunean zehar sare sozialean, eta jende askok birtxiotu zuten mezua.

EH Bildu koalizioak agiri bat kaleratu zuen Kaskarotenea ikastolaren kontrako ebazpenarekin «euskarak eraso larria» pairatzen duela salatzeko. Eta «euskararen eta euskal hezkuntzaren kontrako neurri gisa» baloratzen duela nabarmendu zuen.

Koalizio abertzaleak Ziburuko ikastolari bere sostengua adierazi zion. Bide horretan, «Ipar Euskal Herriko ikastolentzat lege propioa» aldarrikatu zuen. Azkenik, gatazkan inplikatutako eragile ezberdinei konponbidea atzematea eskatu zien. I. E.