Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Fly Emirates

Zur eta lur geratu dira zenbaitzuk jakin dutenean pasa den hilaren erdialdean Libian Tripoliko aireportuaz jabetzeko gatazketan Misratako milizia islamisten baseak bonbardatzen aritu ziren gerra hegazkin ezezagunak... Arabiar Emirerrietakoak zirela. Noski, Egiptoren laguntza logistikoarekin, mapari begirada bota eta Pertsiako Golkoa non geratzen den ikuste hutsarekin ondoriozta litekeenez. Txundigarria, benetan, «Fly Emirates» ubikuoa futbolarekin soilik lotzen zutenentzat.

Agian, are harrigarriagoa egingo zitzaien halakoei albisteen hizki xeheetan irakurri badute bonbardaketa jasan zuten (eta, halaz eta guztiz, azkenean Tripoliko aireportuaren -haren hondakinen, zehatzago esanda- ez ezik hiri osoaren hala nola Bengasiren jabe diren) milizia islamistek, beste futbolzale ospetsuaren laguntasuna dutela: Qatar. Hau da, «proxy war» edo ordezkoen gerra deitu ohi denaren adibide gardenenetako baten aurrean gaudela jabetu behar izan dutenean. Berandu bederen, hobe jakitun izatea, hala ere.

Hobeago oraindik zergatiak kausitzea. Koska, noski, ez datzalako futbolean, petrolioan baizik. Libiako erreserbak munduko handienetakoak direla eta -are garrantzitsuagoa- munduko merkaturik handienetakoa den Europako atarian bertan daudela jakina da. Ezezagunagoa gerta liteke, ordea, erregai horren ekoizpena urritu eta garestitu ahala, haren baitan oparo bizi direnen artean hedatzen ari den urduritasuna. Eta erasokortasuna. Lehen ere garrantzitsua bazen petrolioaren kontrola, hil ala biziko kontua delako orain batzuentzat. Mesopotamian gertatzen ari dena (Siriako gerra zibila lehenik, Irak iparraldekoa orain) «betaurreko» horiekin irakurri beharrekoa da, eta Libian gertatzen ari denak ez du ezustekorik ikuspegi horretatik.

Alderantzizko irakurketa ere egin liteke, ordea. Kadafi akabatu eta esperagarria zen anabasa ia beste ezer lortu ez duten potentzia mendebaldarrek ez dute tiro ziztrin bat ere egin nahi izan Libiako liztortegi horretan. Mozkin zuzena atera nahi dutenek saiatu behar luketelako ala gatazkan gehiago murgilduta ere ezer garbirik ateratzeko modurik ikusten ez delako? Izan ere, Emirerrietako hegazkin sofistikatuen laguntza eta guzti, Haftar jeneralaren «Duintasun Operazioa» porrot egiten ari baita Libiako gerra zibil horretan.

Kaosa ereitea erraza da; haren uzta jasotzea da nekosoa. Baita urre beltz zein gorritan blai daudenentzat ere.