Amaia GARTZIA GASTEIZ
Udate

Siberia Rock: musika baino hoberik ez, Gasteiz berotzeko

Siberia Rock jaialdiak jarraipena izango du. Gazteei zuzendutako Haziak udal programan iaz aurkeztu eta garatutako ekimen honek arrakasta erdietsi zuen, eta aurten segida emango diote ostiral eta larunbat honetan ospatuko den rock musika jaialdiaren bigarren edizioarekin. Joan den astean egindako aurkezpenean azaldu bezala, hasierako filosofiari eutsiko diote, eta Gasteiz zein inguruetako musika taldeak izango dira protagonista nagusiak, «artista berri zein kontsolidatuak elkarrekin taula gainean» aritzeko aukera bat eskaintzeko.

Erabat dohainik izango den jaialdiko egitaraua «anitza» dela aitortu dute antolatzaileek, aniztasuna bai estilo aldetik, bai adin ezberdineko publikoetara egokitzen delako. Arratsaldeko bostetan hasiko dira emanaldiak bi egunotan, eta gaueko ordu bata aldera amaitu. Ondoren, Jimmy Jazz aretoan jarraituko du festak berandura arte DJ batekin. Ostiralean, The Freetangas, Same Old, Tutan Come On, Dr. Sax, IONT eta Arde Siberia taldeek joko dute. Hurrengo egunean, ostera, Kongluten, The Soulbreaker Company, Bourbon, Moonshine Wagon, Flesh For Cannibals eta Monkey Man-en txanda izango da. Ostegunean, bestalde, promozio jaia hartuko du Zapateria kaleko 1900 tabernak, DJ baten emanaldiarekin.

«Streaming» bidezko emisioa

Iazko arrakastak antolatzaile taldearen hazkundea ere ekarri du, zehaztu dutenez, eta horrek «ekimen berri gehiago» sortzea ahalbidetu, tartean, berritasun nagusienetarikoa: kontzertuen streaming bidezko emanaldia, Xurme enpresaren bitartez. «Sare sozialen bitarteko partaidetza zuzena bermatuko die erabiltzaileei», azaldu dute. Parte-hartzea, aurtengo beste nobedade bat den argazki lehiaketako bozketan, hain zuzen. Jaialdia ezagutarazteko helburua du, eta sariak gitarra elektrikoa eta paseoko bi bizikleta izango dira.

Batez ere, «Feedback hori» bideratzeko aukera nabarmendu dute antolatzaileek, «jaialdi esparruan egon ez arren, kontzertuak bertatik jarrai ditzaten». Horrez gain, bide hori erabiltzen dutenek hirian zer-nolako eskaintza musikala dagoen jakiteko abagunea dela ere azpimarratu zuten, Gasteiztik kanpo daudenentzat, bereziki. Orobat, zuzeneko emanaldia xehetasun osoz ikusteko arazorik ez du izango publikoak ere, bertan ezarriko den pantaila erraldoiaren bitartez.

Honi buruzko guztia: Udate