Aitor AGIRREZABAL EDIMBURGO
PROCESOS SOBERANISTAS EN CATALUNYA Y ESCOCIA

Brownen eskaintza Eskoziari: «autonomia modernoa» ezetzaren truk

Gordon Brown, lehen ministro britainiar ohia, unionismoaren azken arma bezala agertu zen Midlothianen emandako hitzaldi batean, Westminster «eskoziarrak autonomia eredu moderno» baterantz gidatuko dituen egutegia osatzen ari dela adieraziz.

Bozeramaile laboristaren hitzetan, ezezko botoaren garaipena abiapuntua litzateke Edinburgok eskumen gehiago jasotzeko. Eskoziarako lege berri bat martxan jartzeko asmoa plazaratu zuen Brownek, herrialdeari ogasun eta fiskalitate kontuen kontrol handiagoa emango liokeena.

Neurria Londresko hiru alderdi politiko nagusiek onartu dute. Alderdi Kontserbadoreak, Laboristak eta Liberal-Demokratak azken uneko mugimendu hau jarri dute mahai gainean, inkesten emaitzen aurrean, oraindik zalantzan dauden boto-emaileak berenganatu nahian. Hilaren 19an, erreferendumean ezezko emaitza nagusitu eta berehala ekingo liokete proiektuari, eta «berandu jota» urriaren amaieran, neurri eta aldaketa guztiak azaltzen dituen dokumentu bat argitaratuko luke gaur egungo britainiar Gobernuak. Eskoziar Gobernuak azaroan, erreferendumerako hamar hilabete falta zirela, plazaratu zuen independentziarako Liburu Zuria, eta unionistek ere izango dute berea, baina herritarrek euren erabakia hartu ostean. Eskozian jai eguna den Burns gauerako, urtarrilaren 25erako, lege proiektu guztiak mahai gainean egongo direla jakinarazi zuen Brownek.

Edinburgon, bestalde, Better Together kanpainako buru den Alistair Darling ados agertu zen neurriekin: «Argi ikusi dugu Eskoziak botere gehiago nahi duela, baina hauek segurtasunez izateko `Ez' bozkatu behar dugu». Bere aldetik, erantzun azkarra eman zuen Yes Scotlandek. Alderdi Laboristako buru ohia den, eta gaur egun, Independentziaren aldeko Laboristak taldeko kide den Bob Thomsonek beldur neurri bezala ikusten du unionisten erantzuna. «Ikara eta etsipen usaina du», azpimarratu zuen. «Gordon Brown ez dago ezer eskaintzeko moduan, are gutxiago Westminsterreko kontserbadoreen alboan eserita».

Eskoziar Alderdi Nazionalak (SNP) ere erantzun zion Londresen proposamenari. Angus Robertson parlamentariak betiko desinformazio kanpaina bera dela salatu zuen: «Etorkizuna eskoziarren esku utzi beharrean, Westminster gaizki eta berandu dabil euren galera konpondu nahian». Ohartarazi zuenez, «Brownen proposamenak eskumenen %80 Londresen esku utziko lituzke».

Dena den, erreferenduma irabazteko eginiko azken uneko mugimendu honek, kontrako efektua izan lezake. Orain arteko joko demokratikoaren parametroetatik kanpo kokatu dute eskoziar askok. Besteak beste, atzo izan zen sindikatuen elkartearen kongresua. Orain arte debatean posizio ofizialik hartu ez badute ere, Graham Smith bozeramaileak «Ingalaterran eraikitako soluzio politiko bat» dela esanez definitu zuen unionisten proposamena. «Ez diete eskoziarrei edo bere eragile eta erakundeei ezer galdetu», gaineratu zuen.

Cameron Eskoziara joango da gaur, kontrol bilkura bertan behera utzita

David Cameron premier britainiarrak bertan behera utzi du Parlamentuan gaurko aurreikusita zegoen kontrol bilkura eta Eskoziara bidean da, kanpainaren azken astean parte hartzeko helburuarekin.

Alderdi Kontserbadoreko buruak Ed Miliband, buru laborista, eta Nick Clegg, ordezkari liberal-demokratarekin batera hartu zuen erabakia, eta hirurak izango dira gaurtik aurrera irla iparraldean. «Banatzen gaituzten gauza asko daude, baina elkartzen gaituen helburu bat ere bai», azaldu zuen Cleggek. Dena den, ez dute elkarrekin agerraldirik egiteko asmorik.

Alex Salmond lehen ministro eskoziarrak urduritasunaren beste zantzu bat dela iritzi zion: «Erabateko nahastea dute, eta euren fartsa hau gertakizunak suertatu ahala moldatzen ari dira». Azken inkestek bultzada eman diote lider independentistari, zeina atzo Edinburgoko erdigunean elkartu zen baietzaren aldeko nazio desberdinetako ordezkariekin. «Badakite kanpaina galtzen ari direla, eta eskoziar lurra eskuetatik ihes egiten ari zaiela».

Azkenik, Salmondek ostegunerako deialdi bat luzatu zuen nazioarteko hedabideei zuzendua, galdeketa baino astebete lehenago eskoziar kasua aurrez aurre ezagutzeko. A.A.